ETXERAT. Espetxeratze arindua exijitu du Antsoaingo Udalak Gorka Fraile larriki eri den euskal preso politikoarentzat SAREk aurkeztutako mozio baten bidez. Akordioa Geroa Bai, EH Bildu eta IE Antsoain puede alderdien botuei esker atera da aurrera. UPN eta PSNk kontra bozkatu dute. Kartzela legediak erregimen arinago bat ezartzeko aukera duela zehazten du testuak, presoaren familia ingurumariatik gertu, Kartzela Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak eta Espetxe Zaintzako Auzitegi Zentralak zehaztutako kontrol zehatzen bidez. Horrela, presoak pairatzen duen gaixotasun larria dela-eta (minbizia du mingainean), bere sailkapena berraztertzeko eskatzen du udalak, eta 86. 4 artikuluarekin zerikusia duen 100.2 artikulua aplika diezaiotela Fraileri.

Bere sailkapena berraztertu eta 100.2 artikulua ezarri bitartean, bere sorterritik hurbil den espetxe batera lekualdatua izan dadin eskatzen du Antsoainek, bere senide eta konfiantzazko medikuek dagokion osasun asistentzia berma diezaioten. Modu horretan, bere oinazea zein senide eta lagunena gutxitzeko.

Nafarroako Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari helaraziko dio akordioa udalak, baita Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiari, Badajozeko kartzelako zuzendariari (bertan da preso Fraile) zein Audientzia Nazionaleko Espetxe Zaintzako Auzitegi Zentralari.