ArabakoBiraPrentsaurrekoa

ETXERAT. "Arabako Bira" izeneko ekimena aukezteko prentsaurrekoa burutu du gaur goizean Etxeratek Gasteizen. Dispertsio politikak Arabako herrialdeko gizarte sektore bati eragiten dizkion ondorioak, gainontzeko pertsonei aurkezteko beharrarengatik sortu da Arabako Bira.

Dispertsioa martxan jarri zenetik 27 urte igaro diren arren, politika horren diseinua, helburua eta irismena oraindik ere ezezagunak izaten jarraitzen dute pertsona askorentzat. 27 urte hauetan zehar, lan eta esfortzu asko egin dugu zer den, nola funtzionatzen duen eta bere ondorioak zeintzuk diren azaltzeko, baina guztietan, estatuen makineria indartsuarekin topo egin dugu, zeinak dispertsioaren benetako dimentsioak ezkutatu eta blokeatu ditu. Azken bost urteetan ere aldatu ez diren dimentsio batzuk. Orain, aitzakiek balio ez dutenean, agerian geratzen da bi estatuek edozein baldintzetan kartzela politika anker bat mantentzen tematuta daudela geratzen da agerian. Euskal gizartearentzat, politika hori mantentzearen baldintza, haren eskubide urraketa da.

Gizartea informatzeko gure lanari bultzada berri bat eman nahi diogu bira honekin, euskal gizarteari normalizazio, bake eta biolentziarik gabeko bidean aurrera egitea oztopatzen dioten dispertsioaren ondorioak ikusgai jarri.

Andra Mari Zurian arratsaldeko seietan egingo den kontzentrazio batekin izango du hasiera Azaroaren 3an, eta 13an amaituko da Trebiñun arratsaldeko zazpietan egingo den ekitaldi batekin. Bi egun horien artean ekimen ezberdinak burutuko dira: hitzaldiak, auto-martxak, informazio banaketa, pilota partidak eta kontzentrazioak. Amurrio, Langraiz, Pobes, Zaitegi, Izarra, Murgia, Laudio, Miranda de Ebro, Oion, Maeztu, Durana, Dulantzi, Agurain, Legutio, Biasteri, Kanpezu eta Bernedon izango gara, eta baita Otxandio, Urduña eta Orozkon, Bizkaian. Aipatu dugun zonalde guzti horretan, egun, 29 euskal preso politiko eta bi deportatu daude. Dispertsio politikak eragiten dituen senideen artean 40 adin txikiko eta haur daude, dispertsioaren ondorioen menpe, eta ondorio horien adibide garbiena dispertsioak zonalde honetan eragin dituen lau hildakoak dira: Pilar Arsuaga eta Alfonso Isasi Laudion; Ruben Garate, Otxandion, eta Natividad Junko, Gasteizen.

Pertsona eta eragile guztiak gonbidatzen ditugu antolatuta dauden ekimenetara joatera; dispertsio politikaren ondorioak ezagutu, baloratu eta horien berri ematera. Horrela, beste behin ere eta behar diren guztietan, gizartearen gehiengoaren borondatea erakutsi eta dispertsioari azkar eta behingoz amaiera emateko.

Etxeratbira