ETXERAT (2019-II-03). Curtiseko espetxean (Pontevedran, bere etxetik 700 kilometrotara) dagoen Luis Mariñelarena preso politiko etxarriarraren bi lagunek asteburu hontako bigarren istripua pairatu dute, urteko 33 egun hauetan euskal preso politikoen senide eta lagunek pairatzen duten laugarren istripua dela aipagarria da. Ezbeharra goizeko 10:30ak aldera gertatu da, Cantabria inguruan kazkabarra hasi denean. Euskal presoaren lagunen kotxeak irrist egin du eta beste kotxe bati kolpea jo dio; ondoren hesiari. Denak onik atera dira eta Luis Mariñelarenaren bi lagunek bidaia jarraitzea lortu dute, bisita burutuz.

Etxerat elkarteak istripu berri hau salatu nahi du, azpimarratuz zoriak ekidin duela ezbehar honen ondorioak larriagoak ez izatea eta gogorarazi nahi du istripu hauen erantzukizuna dispertsio politikaren kudeatzaile eta bermatzaileena dela. Astebururo, bisita dagoenean, euskal preso politikoen senide eta lagunak bidai luzeak egitera behartuak daude; hauek espetxera iristeko egin behar duten distantzia, errepidearen egoera eta ezarritako ordutegiei erreparatu gabe.

Etxerat elkarteak euskal gizarteari, eragile eta erakunde ezberdinei mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen die, dispertsioarekin behingoz amaitu arte.

Elkarteak atzo iragarritako konzentrazioak mantentzen ditu, beste berri bat gehituz otsailaren 8an, ostirala, arratsaldeko 20:00etan Etxarri Aranazko plazan.

Etxerat