ETXERAT (2022-II-14). Iñigo Gutierrez Carrillo Algortako preso politikoak gradu-erregresioko auto bat jaso du, eta, ondorioz, bigarren graduan espetxeratuko dute berriro, Zaballako Gizarteratze Zentrora ,hirugarren graduarekin, hurbildu eta bi aste eta erdira.

Iñigo Gutierrezen kasuan, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen hirugarren gradura igarotzea, eta orain Espainiako Auzitegi Nazionalaren (AN) mendeko Espetxe Zaintzako epaileak eman du euskal presoaren bigarren gradurako erregresioa. Espainiako salbuespenezko auzitegi hori izan da, beste behin ere, euskal preso batentzat gradu-erregresioa eman duena, Unai Fanoren kasuaren izan zen lehena, joan den irailean, zortzi hilabetez kalean bigarren graduan egon ondoren, eta Jon Crespo ondoren, Basauriko espetxean berriro sartu behar izan zuena, nahiz eta 2021eko urritik hirugarren graduan egon.
 
Gutierrez hirugarren gradura igaro izanaren arrazoien artean, bere alaba zaindu behar izana da; izan ere, hiru urte bete ondoren, duela gutxi utzi behar izan zuen aitarekin eta amarekin bizi zen espetxea. Bitartean, Algortako presoaren bikotekidea, neskatoaren ama, alegia, Zaballako espetxean preso dago. Era berean, adierazi behar da euskal presoak bere zigorraren hiru laurdenak bete zituela 2019an, eta hamalau urteko espetxe-zigorra osorik beteko duela datorren uztailean, Nahiko arrazoi dira honako hauek Iñigo Gutierrez dagoeneko kalean egoteko.
 
Pisuzko arrazoi objektiboen aurrean ez da ulertzen ANren erabaki hori. Fano eta Cresporen kasuetan adierazi dugun bezala, gradu-atzeraldi horren ondorioz, presoaren eskubideak kaltetu egiten dituzte baina ez bereak bakarrik, haren familia eta ingurukoenak ere kaltetuak izaten dira; kasu honetan, hiru urteko neskato batena, une honetan aitaren presentzia eta arreta behar dituena, eta, bestalde, legeria arrunta aplikatuz, aspaldi aske egon behar zuena.
 
ANk berriro oztopatu du euskal preso batek bere herrira itzultzeko hasitako bidea, bere birgizarteratzeko eskubidea urratuz. Euskal gizartearen gehiengo zabalak partekatzen duen konponbidean, bizikidetzan eta bakean aurrera egiteko testuinguruari uko egiten dio. ANren erabakiak euskal gizarteak arbuiatzen duen salbuespenari eusten dio.