ETXERAT (2022-II-10).Jon Crespo Ortega Galdakaoko preso politikoak bigarren graduan sartu beharko du Basauriko espetxean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko (AN) Salaren auto batek zehaztu duenez. Auto horrek Fiskaltzak jarritako errekurtsoa aintzat hartu eta hirugarren gradua baliogabetuko du.

Ortega kartzelan dago 2002tik, eta Valdemoro, Topas, Murtzia eta El Duesoko kartzeletan izan da preso denbora horretan, Basauriko espetxera iritsi arte. Espetxe horrek hirugarren graduan sailkatzea proposatu zuen 2021eko urrian, hau da, Eusko Jaurlaritzak espetxeen transferentzia jaso baino lehen. Denbora guzti horretan, preso bizkaitarra kalean izan da, eskatutako baldintza guztiak betetzen baititu, eta ez du, inola ere, sailkapena gaizki erabili.
 
Larrabetzuko presoa den Unai Fanori gertatutakoaren antzeko egoera errepikatzen da Cresporen kasuan. 2021eko irailaren 28an Basauriko espetxean bigarren graduan sartu zen, Basauriko espetxe horretako tratamendu-batzordeak, Espetxe Erakundeen Idazkaritza Nagusiak (SGIP) berretsita, hirugarren gradura pasa eta zortzi hilabetera.
 
Beste behin ere, salatu nahi dugu AN berriro ere oztopoa dela euskal presoek haien eskubideak erabili eta espetxe-legezkotasunaren aldeko bidea egiteko orduan. Autoak salbuespen handiagoa dakar, duela lau hilabetetik kalean normaltasun osoz eta ezarritako baldintza guztiak errespetatuz zegoen pertsona baten birgizarteratzeko eskubidea urratzen baitu.
 
Horrelako ebazpenen atzean, gainera, ez dago presoa bakarrik, senideak eta ingurukoak ere daude, are gehiago lege arrunta aplikatuko balitzaie euskal preso askok etxean egon beharko luketelako. Uste dugu euskal gizarteak gatazkaren ondorioen konponbidean aurrera egiten jarraitzeko eskubidea duela, eta presoek, kasu honetan Jon Crespok bezala, itzultzeko eskubidea dute.