ETXERAT“Azken egunotan ikusi ahal izan dugu gizarte eragileak eta instituzioak norabide berdinean jarriz gero, gauzak lortzea posible dela. Sara eta Izarren kasuaz hitz egiten ari gara. Ideologien gainetik, eskubideen bermearen alde lan egiten badugu, denon artean lortu dezakegu dispertsioarekin bukatzea”. Horrela mintzatu da gaur Patricia Velez Gasteizko Legebiltzarrean.

Dispertsio-politikak adingabeengan dituen ondorioak azaltzeko Etxerat Elkarteak agerraldia burutu du Gasteizko Legebiltzarrareko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Agerraldian, Patricia Velez Etxerat Elkarteko bozeramailearekin batera, Olatz Iglesias eta Maider Viso presoen senideak izan dira Legebiltzarrean. Maider eta Olatzek haien lekukotzak eman dituzte.

Etxeratek eskertu du Legebiltzarraren gehiengoak azken egun hauetan itxaropen hori elikatzea. “Gaur hona etorri gara zuen laguntza eske. 30 urtez luzatzen ari den espetxe politika honekin bukatu beharra dago.  Ehundaka umeek pairatzen dute, errepideetan ehundaka istripu probokatu ditu eta hamasei  hildako sortu ditu” esan du Etxeratek.

Patrizia Velezen hitzetan, duela bost urte eskenatoki ezberdin bat ireki zen Euskal Herrian eta denontzat sortu ziren itxaropen berriak. "Behin horretan jartzen duzula zure burua, egoera honetan pasatzen den egun bakoitza, aldaketarik gabe, aurrekoa baino mingarriagoa eta desesperagarriagoa bihurtzen da senide eta lagunontzat. Guk oraindik iraganean hitz egiten dugu, ez da etorkizun berririk ireki guretzat".

Guztiz desberdina da ume batentzat astero bi ordu eman senideari bisita bat egiteko, edo bi eguneko odisea bat bizi. Ildo horretatik, 21 urteko Olatz Iglesiasek bere lekukotza eskaini du. Olatzek dispertsioa pairatu du hilabeteak zituenetik. Paris, Madril, Alicantera bidaiatu du txikitatik, batzutan lau minutuko bisitak izateko. Olatzen esanetan "urruntasuna gainditzeko egin beharreko bidai luze hoiek eragina dute bizitzaren arlo guztietan, baina bereziki, kartzelan dagoenarekin, bere gurasoak kasu honetan, lotura afektiboak zailtzen dituzte erabat".

Maider Viso bestetik, 14 urte dituen bere alaba Amaiur jaio zenetik ehundaka kilometrotara (Cordoba eta Castello) bidaiatzeak suposatu duen larritasuna eta zigorra aipatu ditu. "Batzutan bero ikaragarriarekin, bestetan hotsa pasatzen, zorabioak tarteka, txikienen gaixotasunei aurre egiten, beti ere etxetik urrun zaudela eta horrek zailtzen du egoera" esan du Maiderek. Bere alaba txikia zenetik dispertsioa eta horren ondorioak pairatu dituzte, esaterako, umea eskolara ez joatea aurrez aurreko komunikazioak astean zehar direnean.

hirurak.jpg