Polizia-agenteek presoari makinan sartu aurretik kendu zizkioten eskuburdinak berriz jarri ziezaioten exijitu zion poliziari OBTA egiteko ardura zeukan medikuak.

 

ETXERAT. Badajozeko kartzelan (750 km) den Gorka Fraile larriki gaixo dagoen presoetako bat da, eta herenegun bertako ospitalera eraman zuen poliziak OBTA (Ordenadore Bidezko Tomografia Axiala) bat egin ziezaioten, 2015eko martxoan diagnostikatu zioten mingaineko minbiziaren jarraipena egiteko beharrezkoa. Eskuburdinak jarrita egin zuen bidai osoa presoak, baina makinan sartu aurretik kendu egin zizkioten; tomografía bat egiteko unean jokabide logikoena. Horren aurka, OBTA hori egiteko arduradunak Fraileri berriro eskuburdinak jarri ziezaioten exijitu zien poliziei. Ez Fraileren azalpenek, ez gelan polizia zaintza egoteak, ezta tomografoan metalezko objektu bat sartzeko irregulartasunak ez zuten lortu medikuak exijentzia horretan etsi zezan. Azkenean, eskuburdinak jarri zizkioten berriz Gorka Fraileri. Kontrasterako beharrezkoa den bidea jartzea asko zaildu zuen horrek, presoari mina eta urduritasuna sorraraziz.

Duela urtebete inguru interbentzio kirurgiko bat egin ziotenean, lesioaren erresekzioa burutuz, ospitale berean arazoak sufritu zituela gogorarazi nahi du Etxeratek. Arazoak ospitalean ingresatu bezain laster suertatu ziren, zaintza poliziaren aldetik. Ospitaleratu bezain laster eskuburdinez lotua izan zuten une oro, ebakuntza burutu arte. Gauez behin eta berriz trabatu zitzaion zaintza poliziaren aldetik bere atseden eta loaldia: mehatxuak, ahotsak, oihuak, kolpeak paretan...Polizia ebakuntza-gela bertan sartu zen, ebakuntza burutu arte han egonda.

Elkarteak, OBTA arduradunaren etika profesional izpirik gabeko jarrera salatu nahi du. Beharrezkoa ez zen bidegabeko egoera bat eragin dio larriki gaixo den pertsona bati. Etxeratek ezagutzen du kontsulta edo azterketa egoki bat egiteko eskuburdinak kentzea eskatzen duten medikuen jarrera, baina lehen aldia da kontrako egoera ematen dela. Zentzu honetan, europarlamentari talde batek egindako txostenean, tratamendu eta mediku kontroletara gaixo diren presoek duten sarbidearengatik europarlamentari horiek bereziki kezkatuak agertu direla gogoratzen dugu. Gorka Frailek jasandako egoerak kezka horretarako arrazoiak badirela erakusten du.

Sendiak zein abokatuek salaketa jarriko dute dagokion auzitegi eta organismoen aurrean. Euskal preso politikoen senide eta lagunen elkartea den Etxeratek, bere aldetik, gure senide kartzelatuen eskubideak haien nahieran erabiliko dituzten edozein pertsona, kargu edo entitateren esku geratzea ez duela onartuko ziurtatzen du, eta hau zein beste egoerak zabaltzeko lanarekin jarraituko du, pertsona guztien giza eskubideen errespetua exijituz.

Era berean, Etxeratek oroitarazten du aste honetan bertan Antsoaingo udalak Espetxeratze arindua exijitu duela Gorka Frailerentzat SAREk aurkeztutako mozio baten bidez, bere senide eta konfiantzazko medikuek dagokion osasun asistentzia berma diezaioten. Modu horretan, bere oinazea zein senide eta lagunena gutxitzeko. Akordioa Geroa Bai, EH Bildu eta IE Antsoain puede alderdien botoei esker atera da aurrera. UPN eta PSNk kontra bozkatu dute. Horrez gain, Durangoko udalak ere joan den astean Fraile askatzeko eskatu zuen, presoaren sorterriko plataformak aurkeztutako mozio baten bidez. EH Bildu zein EAJri esker aurrera atera da larriki gaixo den presoaren askatzea eskatu eta kartzela politika salatzen duen akordioa. PSE-EEk ez zuen mozioa babestu eta alternatibo bat aurkeztu zuen. PPk, ordea, ez zuen moziorik babestu, eta eskumena espetxe erakundeena dela adierazi zuen.