Etxerat 

 

Etxeraten prentsaurrekoaren testua – Baionan 2016eko abenduaren 7an

Aspalditik salatzen dugun bezala, preso dauden gure senide eta lagunei aplikatzen zaizkien neurri bereziek oinarrizko eskubideak urratzen dituzte : harreman familial eta afektiboen eskubidea, osasun eskubidea, defentsa eskubidea, segurtasun eskubidea eta abar luze bat... Bai haienak, baita gureak ere.

Neurri horien arean, urrunketa eta dispertsio sistematikoak bereziki hunkitzen gaitu : gastu ekonomiko, fisiko eta psikiko izigarriak, tensioa, jazarpena, egoera kritikoak gure artean zaharrenak eta gazteenak direnentzat... eta etengabeko istripu arriskua. Jadanik 8 aurten. Martxan ezarri zutenetik, 16 pertsona hil dira dispertsioaren errepideetan, aitortu gabeko biktimak.

Hirugarren aldirakotz, Nazioarteko Giza Eskubideen Egunaren kari, Etxeratek dispertsioaren kontrako zapi kateak antolatuko ditu Abenduaren 10ean. Joan den astean Hegoaldean eman dugun prentsaurreko batean, euskal gizarteari dei hori luzatu diogu jadanik. Baina espetxe politiko bereziagatik pairatzen dugun egoera larriaren arduradun bakarra ez da estatu espainiola, eta Ipar Euskal Herritik ere bai gure mezua zabaltzea oso inportantea iruditu zaigu.

356 euskal presoen artean, 78 atxikitzen ditu Frantziar estatuak, 22 espetxetan dispertsatuak. Bake prozesua martxan ezarri zenetik, eta hainbat arduradun handien hitz politekin ere, beti bezain urrun, beti bezain baldintza gogorretan mantendu ditu estatu honek gure senide eta lagunak. Are gehiago, baldintzapeko askatasunen atea erabat blokeatua mantentzen du, baita ere larriki eri direnen kaleratze aukerak, Ibon Fernandezen kasuan bezala.

Hori guztia legeak planteatzen ez dituen argumentu politikoekin. Egungo dispertsio politikarekin, euskal gizartearen zati baten eskubideak trukerako txanpon bilakatu dira. Sari eta zigorren joko pribatu bilakatu dituzte estatu espainiar eta frantsesak. Alta bi estatu horien instituzioek Giza Eskubideak ospatuko dituzte larunbatean, hipokresia hutsean.

Baina badakigu ia gero eta ahots handiena altxatzen ari dela gurekin batera denon oinarrizko eskubideak defenditzeko, eta besteen artean, dispertsioarekin ahalik eta azkarrena bukatzeko. Horregatik, hemendik ere, bai eragile guztiei, bai gizarte osoari hitz ordua zabaltzen diogu larunbat honetan Abenduaren 10ean 12tan

Iruñan – parlamentu aintzinean
Gasteizen – parlamentu aintzinean
Baionan – Herriko Etxe aintzinean

Dispertsioari stop ! Etxean eta bizirik nahi ditugu !

 

Etxerat