Bat egiten dugu presoen eskubideen alde Bake Bidean eta Bakegileek aktibatu duten dinamikarekin

ETXERAT (2022-II-25). Joan zen urtarrilaren 8an Ipar Euskal Herrian, 2022ko lehen sei hilabetetan, zorrotzago eta determinazio handiagoa izango duen dinamika mobilizatzaile berria aktibatu zen. Etxerat elkartea, Bake Bidean ekimenaren parte garen heinean, ikuspegi horrekin bat egiten dugu eta parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu.

Azken urtean ez da eman euskal preso eta iheslarien auziaren konpontze orokorraren aldeko pausu esanguratsurik. Frantziar agintariak beste garai bateko auziak burutzen segitzen dute. Frederik Haranburu presondegitik atera zenetik urtemuga bete da eta datorren maiatzan izango da bere kasuaren errebisioa. Jon Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatzen da. Etxean eta aske egon beharrean, 31. urtea betetzen hasi dira espetxean, Lannemezanen eta Mureten hain justu. Berdin gertatzen da espainiar Estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere. Jon Gurutz Maiza eta Ibon Fernandez Iradi bestalde, gaixotasun larriak dituzten presoak, Lannemezaneko espetxean diraute inongo konponbiderik gabe.

Dinamika berri honetan, urtarrilaren 8ko Baionako manifestazioaren ondoren, Bake Bidean eta Bakegileek suprefeturara eraman zuten joan zen astean presoak etxeratzeko eskaera, eta ondoren, diru-bilketa abian jarri dute mobilizazio fase berria diruztatzeko. Dinamika honetan, ekimen azkarrago eta ikusgarriagoak, desobedientzia zibilerainoko ekintzak izan daitezkenak burutuko dira. Bake Bidean eta Bakegileek esan bezala, “ekintza pertsonal eta arduratsuak izanen dira, kolektiboki burutuak, publikoki, bortizkeriarik gabe, bakoitzaren eta demokraziaren errespetuan”.