BERRIAJoan den igandean, Etxerat euskal presoen senide eta lagunen elkarteak hamazazpigarren Batzar Nagusia egin zuen Tolosan (Gipuzkoa). Biharamunean "Berria"n egindako elkarrizketan Urtzi Errazkin bozeramaileak esan du elkarteak kontzientziazio lanari eutsi behar diola, horrek presoen sakabanaketa politikaren bukaera azkartuko duelakoan.

Zer moduz igandeko batzarra?

Oso ondo. 300 bat senide eta lagun joan ziren Batzar Nazionalera; eragileen artean, berriz, ELA, LAB, ESK, Sare, EH Bildu, Sortu, Ernai eta Foro Soziala azaldu ziren. Ahal Dugu ere joatekoa zen, baina ezin izan zuen azaldu, azken uneko ustekabe bat dela eta. Urteko balantzea eta aurrera begirako irakurketa egin genituen. Batzarretik indarberrituta atera gara; asko sufritzen duen familia bat gara. Iraganean hitz egin nahiko genuke, baina oraingoz ezin da. Dena den, jarraituko dugu senideei babesa ematen.

Urte «tragikoa» izan dela adierazi zenuten.

Guztira, 11 auto istripu izan ditugu; bederatzi 2017an eta beste bi aurtengo lehen hiru hilabeteetan. Gainera, hiru preso hil dira [Kepa del Hoyo, Belen Gonzalez eta Xabier Rey]. Pertsonon heriotzak ezin ditugu naturaltzat jo, inondik ere. Preso guztien bizi baldintzak bermatzea estatuari dagokio, haren esku daudelako. Baina estatuak kontrakoa egiten du justuki; ehunka kilometrora dituzte. Gainera, lehen graduan mantentzen dituzte Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen %95, horrek dakarren guztiarekin: oso patio ordu gutxi izatea, 20-22 orduz ziegan bakarrik egotea, kirola egiteko edo liburutegira joateko eskubiderik gabe... Eta hori oso epe luzeetan mantentzen da; normalean, atxiloketatik aske uzten dituzten arte. Hori ez da batere normala; izan ere, Espainiako espetxeetan lehen graduan dauden presoak ez dira %2ra iristen. Espetxe politika suntsitzailea da, pertsona suntsitzeko pentsatua dagoen sistema bat ezartzen ari zaizkie gure senideei. Bizirik eramaten dituzte, baina hilkutxa batean itzultzen dizkigute.

EPPK-ko presoak hasi dira gradua aldatzeko eskariak egiten, baina ezezko erantzuna jasotzen ari dira. Zein da Etxerat-en balorazioa?

Graduen mailaketa ez du presoak eskatzen; espetxeko zuzendaritzak berrikusten du hiru edo sei hilabetero. Legeak dioena zera da: norbait lehen graduan mantentzeko, pertsona horrek arriskutsua izan behar duela espetxerako edo bere buruarentzako; ez kanpoan egin duenagatik, baizik eta espetxe barruko bizimoduagatik. Gure senideak eta lagunak arazo gutxien sortzen dituzten presoak dira ziurrenik, eta, hala ere, lehen graduan dituzte sistematikoki. Helegitea aurkeztea da presoek egin dezaketen gauza bakarra. Errekurtso horiek jarri dira, indibidualki, preso bakoitzak bere egoera zehatza azalduz, eta, hala ere, estatuaren erantzuna oso orokorra izan da. Haiei eskatzen zaie eskariak indibidualki egiteko, baina erantzuna globala izaten da.

Ezkor zarete Espainiako Gobernuaren jarrerarekin?

Madrilen jokabideak beldurra ematen du; ez du bake hitza erabili ere egiten. Egia da gero eta presio handiagoa dagoela Euskal Herritik eta Europatik, eta argi dugu aldaketak iritsiko direla. Ez guk nahiko genukeen epeetan, baina jarraitu beharra dugu informazioa eta testigantzak ematen.

Frantziako Gobernua hasi da presoak hurbiltzen.

Urtarrilean, albistearen berri izatean, ilusio handiz hartu genuen. Hiru hilabete pasatu dira; zazpi euskal preso politiko baino ez dituzte gerturatu Mont-de-Marsanera, eta 40tik gora daude sakabanatuta... Zuhurtziaz jokatu nahiko genuke. Espero dezagun hau izatea lehen pausoa sakabanaketaren amaierara iristeko. Aldaketatxo bat ikusten da.

Foro Sozial Iraunkorrak iragarria du gertu egon daitekeela alderdien arteko akordio bat, espetxe politikari buruzkoa.

Aldaketa nabarmenak ikusi ditugu. Duela bi urte hasi ginen akordio sozial baten bila, bi punturen inguruan: urruntzeaz eta gaixo dauden presoez. Esaterako, diputazio eta udal ugaritan mozioak aurrera ateratzen ari dira, orain arte lortzen ez genituen aldeko boto batzuekin. Aldaketa horiek guztiak gizartearen bultzadari esker iritsi dira.

Joan den astean, lau lagun atxilotu zituzten Belen Gonzalez agurtzeko ekitaldi baten harira. Jomugan daude presoei kartzelatik irtetean egindako harrerak.

Etxerat-ek, elkarte gisa, ez du parte hartzen harrera edo ongi etorrietan. Baina senideak, senide diren heinean, maite ditugu, eta horiek maitatzea eskubide bat da. Baita galdu ditugunak oroitzea ere. Badirudi iritsi dela momentu bat non maitatzeko eskubidea ere dudan jarri eta kriminalizatu nahi den. Guk gureak maite ditugu, eta maitatzen jarraituko dugu; eskubide hori ezingo digute urratu.

Zeintzuk izango dira Etxerat-en lan ildoak datozen hilabeteetan?

Informazioa zabaltzea da elkartearen konpromiso nagusia, profesionalen txostenen eta testigantzen bitartez. Gizartea kontzientziatzen jarraitu behar dugu, azalduz zer dagoen espetxe politika honen atzean, zer sufrimendu eragiten duen. Haur motxiladunen oinazea landu genuen, eta orain azaldu nahi dugu zer sufritzen duten pertsona helduek edo gaixotasunak dituzten senideek. Horretarako, hitzaldiak antolatzen hasi gara. Ikusten dugu, zenbat eta informazio gehiago egon kalean, orduan eta indar handiagoa hartzen duela espetxe politika aldatzeko aukerak.

Diozu jende askori denbora amaitzen ari zaiola, premiazkoa dela espetxe politika aldatzea.

Badakigu instituzioetan eta alderdi politikoekin adostasunak lortzea zaila dela edozein gaitan, are gehiago gurean, eta horrek denbora eskatzen duela. Zoritxarrez, guk ez dugu denborarik, presaka gabiltza; presoen gurasoak, zer esanik ez aitona-amonak, adinean aurrera doaz, eta horrelako bidaiak egitea ezinezkoa bihurtzen ari da askorentzat. Gero eta senide gehiagok esaten digute: «Hau izango da azken bisita. Ezingo dut gehiago. Nire hankek, nire kimioterapiak, ez didate uzten».

Esaten da ETAren desmobilizazioa lagungarri izango dela presoen egoera onbideratzeko.

Bakearen alde ematen den pauso oro ongietorria izango da, baina eskubideez ari gara. Eskubideek ezin dute kontraprestazioen mende egon. Presoek eskubide osoa dute beren ingurune sozialetik gertu dauden espetxeetan egoteko. Hala ere, itsu geundeke ikusiko ez bagenu ETAren pauso batek Espainiaren beste bat eragin beharko lukeela, baina, zoritxarrez, ohituta gaude ikustera estatuek pauso bat exijitzen dutela eurek pauso bat emateko, eta, urrats hori egitean, beste bat eskatzen dutela.

Elkarrizketaren esteka hemen

foku.jpg