ETXERAT. Oskar Calabozo euskal preso politikoaren bi lagun eta haien semea –urtebeteko haurtxo bat– arrisku larrian egon dira istripu baten ondorioz. Oskar Calabozo trapagarandarra Kordobako espetxean dago, Euskal Herritik 800 kilometroetara. Haren lagunek bisitatik itzultzean izan dute ezbeharra, ibilgailuaren gurpil bat lehertu zaienean. Zorionez, ez dute minik hartu, baina bidaia eten behar izan dute, karrozeria hondatuta geratu baita leherketaren ondorioz.

Berriz ere, Etxerat Elkartetik euskal preso politikoen senide eta lagunentzat bidaia behartu hauek suposatzen duten arrisku bizia azpimarratu nahi dugu. Oraingoan, istripuak beldurra eta tentsioa eragin die presoaren lagunei, baina ondorioak askoz ere larriagoak izan zitezkeen. Haurrek eta adingabeek egoera hori etengabe pairatu behar izateak handitu egiten ditu gaur egungo espetxe politikak presoen senide eta lagunei dakarzkien kostuak, baina espetxe politika hori kudeatzen dutenen eta babesa ematen diotenen erantzukizuna ere areagotzen du. Oskar Calabozoren lagunek bizi izan duten egoera saihestu ahal zen eta saihestu behar zen. Oraindik ez dago urrunketa indargabetzeko behar adinako borondaterik. Nahikoa da!