bengoetxea2.jpg

ETXERAT (2021-VII-2). Etxerat elkarteak bere esker ona adierazi nahi dio Bengoetxea Autobusak enpresari, bide honen alderik zailenean senideei lagundu dien konpainiari.

Urte luzeak igaro dira eta Euskal Herritik Sevilla, Puerto eta Algecirasko espetxeetara (hasiera batean Huelvatik ere pasatzen ziren) astero egiten genituen bidaia beldurgarrietan zerbitzua eskaini digute, ostiral arratsaldeetan Donostiatik abiatuta eta igandeetako goiz erdian itzuliz.

Beti saiatu dira senideei baldintzarik onenak eskaintzen, adibidez, autobus berria erostea tokatzen zitzaienean, erretiratzen zuten ibilgailuaren oheak jartzen zituzten.

Andaluziako espetxeetara gehiago bidaiatu behar ez dugun une honetan, eskerrak eman nahi izan dizkiogu Bengoetxea Autobusak enpresari, Fermina Villanueva gure presidentearen eta Patricia Velez gure bozeramailearen eskutik, kinke bat eta gure betiko esker ona emanez, hainbeste urtetan eta hain urte zailetan laguntza eman digutelako.

Milesker bihotzez!