Europatxostena

ETXERAT. Aste honetan europarlamentari talde batek aurkeztu duen txostenaren inguruko balorazio sakona egin du Etxeratek gaur prentsaurrekoan. Txostenak euskal preso politikoen eta haien senideek pairatzen duten egoeraren ingurukoa da, eta beste gauzen artean, dispertsio politikaren amaiera eskatzen du. Jarraian irakurri den prentsaurrekoa eransten dugu. 

 

Joan den apirilaren 26ean, zazpi europarlamentariz osatutako talde batek aurkeztutako txostenaren gure lehen balorazioa eskaintzeko deitu dugu prentsaurreko hau. Txosten honek, joan den otsailean europarlamentari horiek Nafarroako eta EAEko zein Iparraldeko hainbat eragile sozial, sindikal eta politikoekin egindako bileretan duela jatorria gogorarazi nahi dugu. Era berean, bere garaian Etxeratek kartzela politika eta bere ondorioen inguruan helarazi zien informazioa alderatzea zuten helburutzat bilera hauek.

Hasteko, oso deigarria egiten zaigu txosten honen inguruan sortu den isiltasun mediatikoa. Estatu espainiarrean ematen diren giza eskubide urraketen inguruan hitz egiten duen txosten batek komunikabideetan tarterik ez izatea, bi euskal hedabidek informatutakoa kenduta, eta beste komunikabideren baten aipamen partzialen bat salbuetsita, non kartzelatutako terroristen egoeraz hitz egiten duen txosten bat aipatzen den. Aitzitik, ez da terrorista kartzelatuen egoeraren inguruko txosten bat, giza eskubideen egoerarena baizik.

Gure elkarteak urteak daramatza dispertsioaren muina salatzen: euskal preso politikoen eta haien senideon eta hurbilekoon aurkako bere eskubide urratzaile izaera. Orain arte murriztu ezin izan dugun jardun bat, guztiz kontrakoa. Alde batetik, kartzela politika gogortu delako, eta bestetik, bere ondorioak, jasaten daramazkigun urteen zama gehituta, suntsitzaileak direlako. Jardun honengatik jazarriak izan eta jarraitzen dugu izaten, kriminalizatuak, eta baita atxilotuak eta auziperatuak ere. Gure eskubideekin jolastu dute, eta jolasten jarraitzen dute, eta hori egiterakoan, gizarte osoaren eskubideekin jolasten dute, urraketak justifikatu egin direlako, ordaina exijitu zaigulako, xantaia bezala erabili delako eta onura bezala eskaini delako. Baina hau baino larriagoa den beste zerbait dago: orain, bakeari ateak ixteko erabiltzen ari direla.

Txostena zehatza da bere ondorioetan. Dispertsioa, giza eskubideak urratzen dituen salbuespeneko politika bat da. Dispertsioak familia bizitza eskubidea urratzen du, bizitza eskubidea, osasun eskubidea, berdintasunerako eskubidea, askatasun eskubidea eta bidezko epai baterako eskubidea.

- ETAren su etenetik lau urte baino gehiagora, kartzela politika gogortu da. Kartzela kontrol zorrotzagoa dago eta legea zigorrean eta ez birgizarteratze printzipioetan oinarritzen da.

- Presoak euren sorterritik hurbilago diren kartzeletara lekualdatuak izan daitezen ukatzea, ez die soilik presoei eragiten, baizik eta bere senideei ere. Dispertsio politikak, birgizartetzerako eskubide konstituzionala, familia bizitza eta bizitza pribaturako eskubideak urratzen ditu, Giza Eskubideen Konbentzioko 8. Artikuluan jasoa.

- Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen osasun eskubidea arriskuan dago, eta hauen tratamendurako aukerak eta kontrol medikoak bereziki kezkatzen ditu txostena erredaktatu duten europarlamentariak.

- 7/2014 Lege Organikoak, 2008ko uztailaren 24ko 2008/675/JAI Marko Erabakiaren helburuak eta irismena mugatzen ditu. Lege horretan aurreikusitako salbuespenek, kondenen luzapena baimentzen dute, eta beraz, askatasun eskubidea urratu.
- 2015ean estatu frantsesean aurkeztu diren baldintzapeko askatasun eskaerak sistematikoki bota dira atzera arrazoi politikoak argudiatuz. Harrigarriki, su etenaren aurretik aurkeztutakoak ordea, errazago izan dira onartuak.

Txosten hau aurkezterakoan, europarlamentariek aditzera eman zuten kartzela politikaren mendeku izaera, eta tortura bezala izendatu zuten gaixotasun larri eta sendaezinekin kartzelan mantentzen dituen presoen egoera.

Aurretik aipatu dugunez eta ikusi dezakezuenez, txosten hau ez da kartzelatutako terroristen egoeraren ingurukoa, giza eskubideen egoeraz dihardu.

Bere gomendioetan, bake prozesua bermatzeko saiakera zintzo batek gidatuak direla aitortzen du europarlamentarien taldeak. Honakoa adierazten du:

- Ez dago justaposiziorik Giza Eskubideetan. Izaera politikoa duten euskal presoen giza eskubideekiko errespetua ez doa ETAren biktimen giza eskubideen errespetuaren aurka. Giza Eskubideak unibertsalak dira, eta kasu guztietan bermatuak izan beharko lirateke.

- Estatu espainiar eta frantsesari salbuespeneko politika baztertzaileekin bukatzeko bultzatzen ditu, eta preso guztien eskubideak errespetatzeko eskatu.

- Dispertsio politikaren amaiera eskatzen dute, eta larriki gaixo diren presoen kasu bakoitza kontuan hartzera deitzen dituzte agintariak.

- 7/2004 legea, Europako Markoko erabakira egokitzera bultzatzen du estatu espainiarra.

- Eta era berean, baldintzapeko askatasunak erabakitzeko unean argudio politikoak erabiltzeko praktikaren amaiera eskatzen dute, bake prozesurako oztopo bat izanik.

Hauek dira, laburki, europarlamentarien talde honek egindako txostenaren ondorio eta gomendioak.

Guk zera gehitu nahi dugu: bi estatuetan, baina bereziki estatu espainiarrean, eskubideen justaposizioa dago. Alboratze hori sortu, elikatu eta landu da, egoera normalizatu eta onartua bilakatu arte. Urraketa berriak sortu eta gure zein kartzelatutako senide eta lagunen urraketak justifikatu eta balioztatzeko erabilitako tresna da. Eskubideen justaposizio hori da dispertsio politika eta bere ondorioak babesten jarraitzen duena. Urraketen salaketak, ordainketa eta kontrapartidetara baldintzatzen dituzten alderdi politikoak egotea onartzen duena.

Etxeratek, txosten honek eskatzen duen hausnarketarako deia egin nahi du, eta horren bidez, ardura sozial eta politikarako dei berri bat plazaratu. Bake eta konponbidea lortzeko bidean, gure borondatea adierazten dugu hemendik, baita eragile eta erakundeekin gure elkarlanerako jarrera. Borondate eta konfiantza honekin, datozen asteetan bilerak eskatuko ditugu euren informazio eta iritziekin txosten honen osaketan parte hartu zuten alderdi politiko, sindikatu, gizarte organismo eta erakunde guztiekin.