ETXERAT (2022-III-10). Etxeratetik gure poza adierazi nahi dugu Jakes Esnalen senideek hartu duten lasaitua ikusi ondoren. Frantziako Kasazio Auzitegiak ebatzi du ez dela nahitaezkoa Ebaluazio Zentro Nazionalak (CNE) Ziburuko presoaren kasua aztertu behar izatea baldintzapeko askatasuna lortzeko.

Era berean, bat gatoz, euskal preso politikoaren adina eta bete dituen kondena-urteak direla-eta, abokatuak egindako eskaerarekin; orain kasua Zigorrak Aplikatzeko Auzitegiaren (TAP) apelazio-instantziara itzuliko da eta ikustaldirako data ahalik eta azkarren ezar dezan eskatzen dugu. Espero dugu eta dei egiten diogu auzitegiari Jakes Esnalen baldintzapeko askatasuna behingoz berresteko, 2020ko maiatzetik aske egon beharko lukeelako fiskaltzak auzitegiaren erabakia blokeatu ez balu.
 
72 urte ditu Jakes Esnalek, eta 32 urte daramatza espetxean. Bere askatasuna eskatzen dugu berriro, eta gogora ekarri eta bat egiten dugu Bake Bidea eta Bakegileek apirilaren 1 eta 2rako deitutako mobilizazioekin.