ETXERAT (2020-IV-22). Covid-19ak sekulako osasun krisia eragin du, eta, pertsonen osasuna babesteko premia dela eta, herrialde guztiek denon bizimodua zeharo aldatu duten erabakiak hartu dituzte. Espetxeen arloan ere, nahiz eta arlo honetan aldaketak eta, are gehiago, aurrerapausoak, beti amaieran iristen diren, erabaki garrantzitsuak hartzen ari dira munduko herrialde askotan. Albisteek diotenez milaka preso askatu dituzte. Estatu askotan neurriak hartu dira kartzelan dauden milaka eta milaka preso aske uzteko.

Zoritxarrez, ez da halakorik gertatu Espainiako Estatuko Gobernuaren kasuan. Hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da, kartzelak bakartzea alegia, eta horrek ekarri du, praktikan, presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne. Neurri horiek atzeratu dezakete birusa kartzelan sartzea, baina ez dira baliagarriak infekzioaren ondorio suntsigarriak ekiditeko birusak espetxeetako hormak zeharkatzea lortzen badu, espetxeetako osasun arretaren defizit egoerak larriagotuta, gainera. Hala gertatzen ari da dagoeneko Estatu Batuetan, non zenbait espetxetan, Chicagon, kasu, barruko kutsatze tasak kanpokoak baino 30 aldiz handiagoak baitira. Espetxeetako errealitatea ezagututa –masifikazioa, higiene baldintza eskasak, beste eritasun batzuen hedapena eta abar–, pentsatzekoa da hemen ere hori gertatuko dela.

Espainiako Estatuko 70 erakunde sozial baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko. Alde horretatik, Osasunaren Mundu Erakundeak (OMS) eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteak (CPT) ere eskatu diete estatuei neurriak har ditzatela espetxeen arloan, lehentasuna emanez espetxeetako populazioa nabarmen murrizteari, alternatibak bilatuz askatasuna kentzeko zigorrei eta kartzelatik ateraz ezaugarri zehatz batzuk dituzten presoak, besteak beste, arrisku txikiko profilak dituztenak, Covid-19aren aurrean bereziki ahulak direnak, eritasun larriak dituztenak, adinekoak, haurdun dauden emakumeak eta beren ardurapean seme-alabak dituztenak eta abar. Horrez gain, Europako Giza Eskubideen gaietarako komisarioak eta Nazio Batuen goi komisarioak eskatu diete gobernuei lehenbailehen aska ditzatela preso horiek, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera larria dela eta. Horrekin batera, neurri horiek inongo salbuespen baldintzarik sortu gabe aplikatzeko ere eskatu dute.

OMSk gomendio horiek plazaratu zituenetik aste batzuk iragan badira ere, Espainiako Gobernuak ez du oraindik urratsik bat ere egin horiek betetzen hasteko. Gure ustez ez da egokia hala jokatzea, eta epe ez oso luzean ondorio ikaragarriak izan ditzake.

Nafarroako herritar guztiei, instituzioei, eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egiten diegu bat egin dezaten Espainiako Gobernuari honakoa exijitzearekin: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezan espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko OMSk eta Europako Kontseiluko CPTk emandako gomendioak. Espainian gaur egun espetxe arloan indarrean dagoen legeriak tresna egokiak ditu presoak espetxeetatik modu kontrolatuan ateratzeko plan bat bideragarria izan dadin, Espetxeetako Erregelamenduaren 86.4 eta 100.2 artikuluetan jasotakoak, adibidez; horrek lasaitasuna ekarriko luke kartzeletara eta aukera emango luke pandemia horietan hedatzeak ekarriko lituzkeen ondorioei aurrea hartzeko.

Era berean, eskatzen dugu berma dadila presoen eta haien familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, bideo konferentzien doako sistema abian jarriz. Eskatzen dugu, halaber, presoen bisitak berriz has daitezela, eta, horretarako, beste espetxeetara joan-etorriak egitea baimendu beharko da, edo jatorritik gertuko kartzeletara ekarri preso nafar guztiak edo Nafarroan errotuta daudenak, gaur egun beste kartzela batzuetan preso daudenak, hala nahi badute. Nafarroako Parlamentuak berak gehiengoz onartu izan ditu presoen urrunketa bertan behera uztearen aldeko zenbait ebazpen. Eta, azkenik, eskatzen dugu espetxe barruko jarduerak berriz ezar ditzatela, betiere osasuna babestuz eta bermatuz.

Egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere.

Salhaketa Nafarroa
Etxerat
Altsasuko Gurasoak
Sare Herritarra