ETXERATek Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek pairatzen duten muturreko egoera salatu du.

Alfonso Zenon abokatuaren ustez Espainiak ez du espetxe legedia betetzen eta bi abokatuen egoera legez kanpokoa da.

Nazioarteko erakundeek adierazi bezala norbait guztiz bakartzea eta isiltasunera zigortzea onartezina da tortura delako.

Hernani. Apirilaren 24an Bilbon egindako prentsaurrekoan ETXERAT elkarteak Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuek pairatzen duten muturreko egoera salatu du. Bi  abokatuen senideek adierazi dutenez, guztiz bakarturik daude eta ezin dute egun osoan inor ikusi. Isiltasuna zigor moduan ezarri zaie eta ezin dute inorekin hitz egin. Jon Enparantza Segoviako espetxean dute preso, Euskal Herritik 400 kilometrora, eta espetxeko euskal preso politiko bakarra da. Arantza Zulueta Puerto III espetxean dute, Euskal Herritik 1.100 kilometrora. Ziegatik ateratzeko miaketa zorrotza pairatzen dute, beraien ziegak egunero miatzen dituzte eta patioan guztiz bakarrik daude.

ETXERATek adierazi bezala, bi abokatuek euskal preso politikoen kolektiboa eta gizarte eragileen arteko bitartekari lana egin dute, kolektiboaren azken erabaki eta ekimenen berri gizartean zabaltzeko eta Espainiako gobernuak ez die hori barkatzen. Beraz, mendekua nahi zuten eta iragan urtarrilaren 8an Arantza Zulueta eta Jon Enparantza atxilotu zituzten, beste sei bitartekarirekin batera. Bi abokatuek pairatzen duten egoera muturrekoa da eta era honen bidez bitartekari lana gogor zigortu nahi dute. Bakartzea euskal presoen aurka maiz erabilitako neurri gogorra da, helburua presoaren gogoa suntsitzea baita, eta aipatu bi abokatuen kasua ez da bakarra, euskal preso gehiagok ere honelako neurria pairatzen dutelako, baina Zulueta eta Enparantzaren egoera ikusirik, mendekua dela zalantzarik ez dago.

Alfonso zenon abokatuak adierazi bezala, Arantza Zuluetak eta Jon Enparantzak pairatzen duten egoera larria legez kanpokoa da, Espainiako gobernua espetxe legedia urratzen ari delako. Bi abokatuak epaituak izan ez diren arren, espetxe zuzendaritza nagusiak epaile lana egin du eta, errudunak direla erabaki ondoren, neurririk zorrotzenak ezarri dizkie bi abokatuei.

ETXERAT elkarteak, nazioarteko erakunde ezberdinek adierazitakoaren ildotik, norbait guztiz bakartzea eta isiltasunera zigortzea tortura dela salatu du. Era berean,Espainiako gobernuak mendekua nahi duela esan du.

Prentsaurreko honetan ere, Ibon Iparragirre ondarrutarraren egoera larria salatu da. Gaitz larri bat dela eta, Ondarruko presoa espetxe zigorra etxean betetzen ari zen, baina martxoaren 7an Basaurin espetxeratu zuten. Apirilean astebetean bi aldiz erasotu dute eta azkenik Navalcarneroko espetxera urrundu dute, sorterritik eta senideengandik urruti. ETXERATen ustez, Ibon Iparragirrek pairatzen duen egoera honek espetxe politikaren krudelkeria agerian uzten du berriz ere.