ETXERAT. Frantzian dagoen Arlesko espetxean (850 km) aurkitzen den Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren senideek ezbeharra izan dute gaur arratsaldean espetxera bidean zirenean. Urrunketak aurten eragindako hirugarren ezbeharra izan da hau.

Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren bikotea eta 2 seme-alabak istripua izan dute Toulouse inguruan, Arlesera bidean zirela. Aurreko autoak bat-batean galgatu eta ezin izan dute ezer egin kolpea ekiditeko. Aurreko kotxea jo ondoren, atzetik zetorren autoak jo egin die. Kotxean zihoazen hiru senideak ongi aurkitzen dira, inongo zauririk gabe, baina autoa erabiltezin geratu da. 

Sakabanaketak ia hiru hamarkada bete dituen honetan, urteko hirugarren ezbeharra salatzeaz gain, urte luze eta gordin hauetan eragiten ari den sufrikario, odoluste ekonomiko eta biktimak oroitu nahi ditugu. 29 urte hauetan 400dik gora ezbehar eta milatik gora zauritu eragin ditu urrunketa politika honek, eta astebururo-astebururo biktima berriak eragiten jarraitzen du. Sufrimendu guzti honen isla dira gure 16 lagun eta senideren biziak erauziak izan direla sakabanaketa politika honen erruz. Dispertsio politikaren behin-betiko amaiera exijitzen diegu estatu zein alderdi erantzuleei, euskal gizartearen aldarrikapentzat ere izanik amaiera hau.

Ezbehar berri hau salatzeko eta Ibon Goieaskoetxearen senide eta lagunei gure elkartasuna helarazteko, elkarretaratzeak deitu ditu Etxerat Elkarteak datozen egunotan:

- Bilbo: Asteartea, hilak 3, 19:30etan Arenalean.

- Donostia: Asteazkena, hilak 4, 19:00etan Bulebarrean, Udaletxe ondoan.

- Gasteiz: Asteazkena, hilak 4, 19:30etan Andra Mari Zuri plazan

- Iruñea: Ostirala, hilak 6, 20:00etan Sarasate pasealekuan.

Aski da! DISPERTSIOA STOP!

Istripua Goieaskoetxea