WhatsApp Image 2017-10-13 at 11.43.24.jpeg

ETXERAT. Aurten Etxerat Elkarteak Araban garatuko duen “Dispertsioa argira ekarriz” ekimena aurkezteko xedearekin deitu dugu prentsaurreko hau.

Euskal gizartearen parte batek ez du dispertsio politikoaren errealitatea eta eragiten dituen ondorioen ezagupenik. Edo ETA erakundeak borroka armatua uztearekin batera dispertsioaren amaiera gertatu denaren usterik duena. Baina errealitatea gordina da: egun salbuespeneko politika honek, sufrimendu asko sortzen jarraitzen du Arabako gizarteko sektore batean.  

Jadanik, 28 urte igaro dira dispertsio politika martxan jarri zenetik eta 6 urte ETAk borroka armatuaren amaiera iragarri zuenetik, baina euskal preso politikoen senide eta lagunontzat ezer ez da aldatu, dispertsio politikak mina eta sufrimendua eragiten jarraitzen duelako. Arabako gizartearen parte batek oraindik, ordea, ez du errealitate gordin honek ezagutzarik.

28 urte hauetan zehar, lan eta ahalegin asko egin ditugu zer den, nola funtzionatzen duen eta bere ondorioak zeintzuk diren azaltzeko, baina guztietan instituzioen traba, komunikabideen isiltasuna eta alderdi batzuen ezjakintasun eta mespretxuarekin egin dugu topo. Oraindik, egun, gure elkartearen lana kriminalizatzen jarraitzen dute, bereziki gure senide presoen eskubideak zein gure eskubideak urratzen dituzten espetxe politika basatia aplikatzen, babesten eta justifikatzen dutenek.

Gizartea informatzeko, dispertsioak egunero sortzen duen sufrimenduaren testigantza emateko eta sortu dituen 16 hildako biktimen errekonozimendua bilatzeko gure lanari bultzada berri bat eman nahi diogu dinamika honekin. Lan hau burutzea ezinbestekoa dela uste dugu gatazkaren ondorioak gainditu eta, bereziki, normalizazio eta bakearen bidetik benetako aurrera pausuak eman nahi baditugu.

Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko udaletxearen diru-laguntzak jaso dituen dinamika hau urriaren 16tik 22ra Gasteizko probintzia plaza honetan eta urriaren 23tik 28ra Laudioko Aldai plazan garatuko da. Dispertsio politikaren alde ezberdinak jasoko dituen erakusketa batean datza: Odoluste ekonomikoa, derrigorrez ezarritako arriskuak, larriki gaixo dauden presoengan duen eragina, dispertsioaren hildako biktimak, umeengan duen eragina... Aste osoan zehar senide eta lagun ezberdinen testigantza entzuteko aukera egongo da, era zuzenean eurek bizitakoa ezagutzeko aukera izanik.

Araban, egun, 29 euskal preso politiko eta hamarnaka urte deportatuak daramaten 2 pertsona daude. Dispertsio politikak eragiten dituen senideen artean 38 adin txikiko eta haur daude. Dispertsioak eta urrunketak herrialde honetan 4 hildako biktima eragin ditu: Pilar Arsuaga, Alfonso Isasi, Ruben Garate eta Natividad Junco.

Pertsona eta eragile politiko, sindikal eta sozial guztiei gonbita luzatzen diegu karpa honetara hurbiltzeko, dispertsio politikaren ondorioak era zuzen batean ezagutu eta bakoitzak ahal duen esparruan horien berri emateko. Horrela, behingoz gizartearen gehiengoaren borondateari kasu eginez, dispertsio politika krudel honi berehalako amaiera emateko.