20160223 113257

ETXERAT. Bisitak egiteko desplazamenduek eraginda, euskal preso politikoen senideek izandako beste istripu baten berri eman nahi dugu. Istripua, Iñaki Bilbao preso politikoaren bi senidek Castello II-tik bueltan zetozela izan zuten, joan den asteburuan, gaua zela, Arkauten (Araba). Errepidean basurde bat agertu zitzaien eta ezin izan zuten kolpea ekidin. Kotxeko bidaiariek ez zuten larritasunezko kalterik jaso, errepideak abiadura txiki batera derrigortzen zuelako baina baita ere ordu horietan egiten zuen eguraldiarengatik.

20 egunen bueltan pairatzen dugun bigarren istripua da. Asteburu bakoitza, bidai bakoitza, bisita bakoitza, arrisku erantsi bat da. Eta sufritzen dugun kalte bakoitza ez da salatu gabe geratuko. Duela astebete inguru, europarlamentari batzuk Euskal Herrira etorri ziren, bere garaian dispertsioaren ondorioen inguruan eman genien informazioa alderatzeko. Antolatutako bileretan parte hartzea ukatuz, UPN, PSN eta PP alderdiek, salbuespeneko kartzela politika horren mantentzean tematuta jarraitzen zuten. 27 urte dagoeneko, uneoro bizi ditugun egoerak justifikatu nahian. 27 urte, zendutako 16 biktima eta politika honek sortzen duen oinazea ukatuz. 27 urte gu erabiltzen, gure osasun eta bizitzaz baliatuz.

Guk bidaiatzen jarraituko dugu. Hori da gure bisiten eskubideak duen salneurria, eta ordaindu egingo dugu ez dugulako gure familia eta sentimenduzko loturei uko egiteko inolako asmorik. Bidaiatzea gure erabakia da, baina ez gure ardura. Hori dispertsio politikaren bermatzaileei dagokie.

Ordua da eskubide urratuen justifikazioen aurka eraginkorki kokatzeko, mendekua aitzakia bezala hartu ez dadin. Dispertsioari amaiera emateko ordua da. Hiritar guztien eskubideekiko ardura izateko garaia da, salbuespenik gabe.
Honekin batera, istripu hau salatzeko hurrengo elkarretaratzeak deitu nahi ditugu:


-Gaur Bilbon, Arenalean 19:00etan.

- Bihar Donostian 20:00etan, udaletxe alboan, eta Gasteizen Andra Mari Zuriaren enparantzan, 19:00etan.

-Iruñean atzo burutu ziren, Alderdi Popularraren egoitza parean.