ETXERAT. Dispertsio politikak eragindako urteko bosgarren ezbeharra salatzeko prentsaurrekoa egin du gaur goizean Etxeratek. Urtzi Errazkinek egin ditu adierazpenak euskaraz, eta Patrizia Belezek euskaraz. Gurekin batera istripua izan duten Aitor Agirrebarrena presoaren sendiko bi pertsona izan dira. Jarraian irakurritako prentsaurrekoa duzue:

 

Urteko bosgarren ezbeharra. Hilabete baten tartean, hirugarrena. Puerto de Santa Marian, 1000 kilometro baino gehiagora preso den Aitor Agirrebarrenaren lau senidek istripua izan zuten Salamanca inguruan bisita egitetik zetozela. Haien aurretik zihoan kotxeak bortizki frenatu zuen eta senideek ezin izan zuten kolpea ekidin. Ez da kalte pertsonalik tamaldu behar izan, baina errepideko ezbehar bat izanik, ez dago kalte arinik. Are gutxiago derrigortutako desplazamendu bat denean: 20 orduko eta 2000 kilometroko bidaia, inposaketek eta arriskuak baldintzatua.

Dispertsio politikak bere fruituak eman ditu beste behin: kotxe talka baten ondorioz kaltetuak izan diren lau senide gehiago. Dispertsioaren ondorio ikusgarri eta era berean ezkutatuena: kalte fisikoa eta ekonomikoa errepide istripua balitz bezala estalia beti. Baina sortutako kaltea ez da ustekabekoa, eta dispertsio politika aktibo mantentzeko egoskorkeria, bere ondorioak denok ezagutzen ditugunean, horren frogarik onena da.

Kaltetutako lau senide hauez gain, zein beste “fruitu” daukate gizarteari eskaintzeko dispertsioa defendatzen duten alderdi politikoek?

Istripu berri honekin markatu diguten oinaze kuotarik bete dugu? Zenbat gehiago geratzen zaizkigu? Gizarte honetan dispertsioak kaltetutako adin eta kondizio ezberdinetako milaka pertsona daudelako, eta bidezkoa da gizarteak zenbat sufrimendu gehiago geratzen zaion jakitea.

Eta gizarte berari, zer eskaini dio bere adierazpen eta ondorio guztietan bortitza den salbuespeneko politika horrek?
Eta ondorio hauen aurrean, Urkullu Lehendakariaren zenbat isiltasun gehiago espero behar dugu? Noiz gehiagora arte egingo dio ezikusiarena Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritzak?

Zenbat sufrimendu gehiago, zenbat isiltasun gehiago, zenbat eskubide gutxiago, zenbat bake gutxiago. Bidezkoa da, berriz diogu, gizarteak jakitea.

Dispertsio politikak gure gain, euskal preso politikoen senide eta lagunon gain utzi du erortzen mendeku eta xantaiaren pisua. Berarekin kargatzen dugu duela 27 urte, duela ehundaka senide kaltetu, eta duela 16 hildako. Ez gaude prest ondorio hauek zein beste batzuk ezkutatu daitezen. Duela astebete esaten genuen bezala, ez gaude prest mendekua eskubide bezala onartzera. Ez gaude prest isiltasun eta etsipena onartzera. Dispertsio politika aktibatu zutenen erantzukizuna handitzen doan bitartean, bere ondorioak hazten doazen heinean, ardurarako dei berri bat egiten dugu guk: lanerako dei bat, indarrak batzeko dei bat, pertsona guztien eskubideak berriz aktibatu eta salbuespeneko kartzela politikak deuseztatu daitezen pauso berriak emateko deia. Gizartearen, alderdi politikoen eta eragile sindikalen Giza Eskubide eta Bakearekiko erantzukizunean konfiantza jarrita egiten dugu dei berri hau.