Lehendakariari bilerak dituen hutsuneak helarazteko asmoa du elkarteak, Euskal Memoriaren Institutu aurrean kontzentrazioa egitearekin batera.

ETXERAT. Memoriaren mapa deritzona osatzeko Lakuako gobernuak EAEko 128 alkaterekin Bilbon egingo duen ostiraleko bileran, herri honen errealitatearen osaerarako ezinbestekoa den euskal preso politiko eta iheslarien senideen ahotsa eramango du Etxeratek aurretik burutuko duen kontzentrazio baten bidez. Horrez gain, hitzordu horri ikusten dizkiogun hutsune eta ekarpenak lehendakariari helarazteko asmoa du elkarteak, inor kanpoan utziko ez duen errelatoa jasotzeko.
Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezek duela astebete emandako adierazpenak gogora ekarriz, “gogorregia eta bidegabea” litzateke txosten horietan biktima batzuk sufritutako biolentziaren arabera bereiztea. Hori dela-eta, bake eta bizikidetzako arloan lan eginda, dispertsio politikak eraildako hamasei senideen memoriaren aitortza saihestezina da. Iñigo Urkullu lehendakariari eta Jonan Fernandez jaunari 2013an Etxeratek Bizikidetza eta Bake planari egindako ekarpenak gogoraraziz, dispertsatutako 427 euskal preso politikoen senide eta lagun multzo handi horretatik, biktimen zerrenda horretara pertsona gehiago gehitu ez daitezen beharrezko determinazio falta ikusten dugu. Memoriaren aitorpena urratu zaie "Bizitzarako Eskubidearen Urraketen Udal Erretratuak (1960-2010)" izena duen txosten horretatik kanpo dauden eta oraingoz 16 pertsona diren horiei.
Non da egun batean bai, eta bestearen ere, gure eta gure senideen aurkako giza eskubide urraketak sorrarazten dituen dispertsio politikak eragindako hamasei biktimen memoriaren eta sufrimenduaren aitortza? Noiz arte izango da euren oroitzapena berariaz isilarazita? Biziarteko zigorra baino gehiago da gure haragietan sufritzen ari garen dispertsio politika, 16 biktima horien errekonozitu gabeko memoria horren erakusle.