Etxerat Elkarteak, uda garai20150724 113641an egiten duen hondartzetako kontzentrazioak iragartzeko prentsaurrekoa burutu du gaur goizean Koldo Mitxelena Kulturunean, Donostian. Bertan, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldetan lekutuko diren kontzentrazio ezberdinen kokapenak eta orduak iragarri ditu. Patrizia Belez eta Naike Diezek hitz egin dute elkartearen izenean.

Uda sasoian bete-betean murgilduta gaude. Euskal preso politikoen senide eta lagunok, ordea, ezin dugu erabat deskantsatu. Gure errebindikazioak deskantsatzen uzten ez ditugun pertsonak gara. Arrazoia agerikoa da, ez digute uzten. Ezin dugu: gure errebindikazioak gure familia dira.

Oporrak eta bisitak, minutu batzuetarako egiten ditugun ehundaka kilometrotako desplazamenduak, elkarrekin bat etorri daitezen ahaleginak eta bi egiten ditugu. Kasurik okerrenean, ez ditugu biak bateratzea lortzen. Kasurik onenak ere, istripu bat izateko arriskura uzten gaitu salduak. Azken asteetan, zerbait larriagoan buka zezaketen kotxe matxuren lekuko izan gara. Eta gureak, ez dituzte trafiko istripuen arteko kopuruen artean ezkutatuko. Dispertsioak eragindako istripuak dira.
Bai, hala da. Udan ere deskantsurik ematen ez digun mamua da dispertsioa. Baina aurre egiteari uzten ez diogun garaia da uda ere. Edozein lekuan gaudela ere, gure aldarria eramaten dugu gurekin. Abuztuaren 2an, aldarri horren oihartzuna Euskal Herriko kostalde osoan barna entzun eta ikusiko da, hondartzaz hondartza. Gure herriak pairatzen duen tortura politika luze eta isil hau salatzeaz harago joango gara. Euskal preso politikoek sufritzen duten errepresio egoera zein den ezagutu gabe, inor geratu ez dadin izango da gure asmoa.
Jakin dezatela, erretentzioak sortzen dituen ilara luze horietan oporretara ez doazten familia eta lagunen kotxeak daudela. Bero zapa jasangaitz hauetan, itsasoa ez, helmuga kartzela duten jende andana dagoela.
Datorren igandean, beraz, eten bat egingo dugu gure gainontzeko hitzorduetan hondartza ezberdinetara joanez, eta euskal gizarteak gurekin bat egin dezan espero dugu. Hauek dira Etxeratek gure senide presoen egoera zabaltzeko zapalduko dituen hondartzak: Gipuzkoan, Donostia (Kontxako hondartza), Deba eta Orion eguerdiko hamabietan. Bizkaian; Lekeition eta Ondarroan hamabietan ere, ordubatetan Mundakan eta Ean, arratsaldeko bostetan Plentzian.
Era berean, ireki dugun Instagram kontu berria baliatuz eta aipatu dugu gure egoeraren harira, dispertsio politika salatzen zuen oporretako irudiak igotzera animatzen zaituztegu #DispertsioaSTOP #STOPdispersión testuarekin. Bozkatuenen artean Etxeraten kinke bat zozkatuko dugu.
Abuztuaren bian hondartzetan ikusiko gara. Etxean eta bizirik nahi ditugu!