ETXERAT (2019-X-10). Bakerako prozesu honen alde egiten diren ekimen guztien garrantziaz jabetzen gara, hori dela eta, Euskadiko GGKEn Koordinakundeko ordezkariak, Federació Catalana d'Organitzacions per la Justícia Global eta REAS Euskadik eginiko adierazpena goraipatu nahi du Etxerat Elkarteak, bertan eginiko autokritikan zintzotasuna adieraztegatik eta bakeari, konponbideari eta elkarbizitzari ekarpenak egiteko nahia adierazteagatik.

Adierazpen honen garrantzia sinatzen duten erakundeek, kolektiboek, eta kooperatibek eginiko lanean eta esperientzian oinarritzen dela baloratzen du Etxeratek, eta era berean, espetxe politikaren baitan araudia errespeta dezaten eta dispertsioarekin amaitzeko eskaera azpimarratu nahi du.

Gainera, positibotzat hartzen dugu testuinguru berri baterantz aurrera egiteko giltzarriak agertzea agirian: giza eskubideen defentsaardatz nagusia izatea eta elkarbizitza demokratikoarentzat ezinbestekotzat hartzea, egiaren printzipioak bermatzeko beharra, bortizkeria guztien biktima guztientzat justizia eta erreparazioaeskatzea eta gertatutakoaren memoria kolektiboa eta inklusiboa bermatzea.

Etxeratek gogorarazi nahi du gaur egungo espetxe politikak euskal gizarteari sufrimendua eragiten jarraitzen duela salbuespenezko espetxe neurri baten bitartez: urrunketa. Euskal preso politiko guztien inguru familiar eta afektiboari kalte fisikoak, psikikoak eta ekonomikoak jasatera kondenatu dituen neurria da hau. Gaur egun, duela 30 urte bezala, kondena honen helburu bakarra mina eta sufrimendua eragitea izaten jarraitzen du. Bakea lehentasuntzat duen edozein pertsona, eragile, alderdi politiko edo instituzioarentzat ulergaitza da egoera hau.

Gizartearen konpromiso gorakorra azpimarratu nahi du Etxerat Elkarteak eta adierazpen honekin eman den bezala, ematen ari diren pausuak etorkizunera begira garrantzitsuak direla aipatu nahi du ere.