ETXERAT. Gasteizko Udal Batzarrak dispertsio politikaren eta bere ondorio zuzenen –kasu honetan haurrak eta adingabekoen gainekoak- aurkako mozioa atera du aurrera. EH Bildu, EAJ, Podemos eta Irabazi alderdien botoei esker atera da aurrera, PPk eta PSEk aurka bozkatu dutelarik.

Beste udalerrietan gertatu den bezala, egungo kartzela politikaren ondorioen inguruko mozio bat batzarrean aurkeztea proposatu zien Etxeratek Gasteizko udal alderdiei. Proposamen horrek, zehazki, dispertsioak adingabekoen gain dituen ondorioak jasotzen zituen, baita haurren eskubideei larriki eragiten diela.

Proposamena EH Bilduk jaso eta mozioa aurkeztu du. Bertan, dispertsio politikaren desaktibazioa eskatzen da, senideentzako kondena eta zigor gehitua baita. Horrez gain, udalaren konpromisoa jasotzen da Gasteizko presoei jarraipena egiteko, bereziki eta arreta handiagoarekin adin txikiko seme-alabak dituztenei. Hirugarren puntuak akordioa Espainiako zein Frantziako gobernuei jakinaraziko zaiela jasotzen du.

Mozioak EH Bildu, EAJ, Podemos eta Irabazi alderdien aldeko botoak izan ditu. PP eta PSEk aurka bozkatu dute. PSEk beste mozio bat aurkeztu du Udal Batzarrak euskal presoei ETArekin bukatzeko eska diezaien. Horren ondotik, kartzela politika bateratu, dinamiko eta malgua eskatzen zuen PSEren mozioak beste puntu batean. PPk, bere aldetik, euskal preso politikoen senideei “borreroak” deitzeko baliatu du bere txanda.

Herritarren txandan, Felipe Bravo, Zigor Bravoren aitak, hartu du hitza, zeinak dispertsioa eta horrek haurrengan dituen ondorioak azaldu ditu, baita Jon Ligüerzanak ere, Etxeraten Arabako koordinatzaileak.

Etxeratentzat, PPk eta PSEk erakutsitako kontrako jarrera oso garrantzitsua da: ez dute inongo momentutan ukatu dispertsioak haurren eskubideak zuzenki urratzen dituen ondorioak sortzen dituela, eta bestetik, argi utzi dute bi helburu zehatz dituen kartzela politika bat dela: mendekua eta interes politikoa.

Etxeratek era berean gogorarazi nahi du mozio bera Bilbo, Santurtzi eta Getxoko udaletan aurkeztu zela. Hiru kasuetan, EAJren aurkako botoek gehi PP eta PSErenak izan ziren akordioa atzera bota eta bertan behera utzi zutenak. Elkarteak azpimarratu nahi du kasu bakar batean ere ez dela kartzela politika honetaz konponbide klabean hitz egin.

Etxeratek baikor hartzen du Gasteizen hartutako udal batzarreko akordio hau, eta espero dugu, nahiz eta salbuespeneko kartzela politikak euren ondorio guztiekin aktibo jarraitzearen aldeko alderdiak izan, euskal gizarteak denon eskubideen errespetuari salneurria jarriko ez dion eszenatoki baterako pausuak emango dituela.