CUplBPBW4AAKRq2

ETXERAT. Baionan izan gara gaur goizean, dispertsioak gure bisita eskubideari ezartzen dizkion kostu ezberdinak jasotzen dituen txostena aurkezteko; "Dispertsioa; bisita eskubidearen prezioa". Urtzi Errazkin eta Muriel Lucantis bozeramaileekin batera Oihana Parot eta Kattin Haranburu senideak izan dira euren bisita bidaien testigantzak eskaintzeko. Horrez gain, abenduaren 10ean, Giza Eskubideen Nazioarteko egunez, aurten ere aurrera eramango dugun zapikateen dinamika abiatuko dugula adierazi dugu. Hitzorduak, Gasteiz eta Iruñean, eguerdian, eta Baionan, arratsaldeko sei eta erdietan, izango dira. Jarraian, bertan eskainitako adierazpenak dituzue:

Gure senideen dispertsioak eragiten dizkigun kostu ezberdinen inguruko txostena aurkezteko gonbidatu zaituztegu. Hau da bisita eskubidearen prezioa: hiru bider ordaintzen dena, gure osasun mental eta fisikoarekin, zein gure ekonomiarekin.

Zoritxarrez, inolako gaurkotasunik galdu ez duen txostena da. Hilabete honetan, Espainiako Audientzia Nazionalak banan-banan atzera bota ditu hainbat presoren hurbilketa helegiteak argudio hutsalak emanez, amaieran, gobernu espainiarraren ardura dela esateko. Oso larriak iruditzen zaizkigun erabakiak, berriz aipatuko ditugunak.


Baina estatu frantsesaren ardura ez da, gure ikuspuntutik, ttipiagoa. Estatu honek ordaintzera derrigortzen gaituen prezioa ere badelako, egun bere lurretan urrunduak dituen 91 presoekin.
Irail hasieran zalaparta baino sortu ez zuten Taubira justizia ministroaren adierazpenetatik geroztik, berdin jarraitzen dute euren kondena Frantzian betetzen duten euskal preso politikoek. Lehen bezain urruti, eta lehen bezain zaurgarri. Berriz ere, keinu hutsaletan geratu ziren hitzak.

Euskal preso politikoak bezainbeste, gu, haien senideak, hartzaile garen politika baten xehetasun gehienak azalarazten dituen txostena dakargu.

Berdin jarraitzen du, helburu berarekin. Euskal preso politikoak itotzen dituen heinean, senide eta lagunak, era berean itotzea: osasuna galarazi, denbora lapurtu eta ekonomikoki ito. Ezagutzen ditugun ondorio odoltsuekin: 16 senide hildako dispertsioaren errepideetan. 16, oraingoz. Eta ehundaka istripu.

Politika horren deskribapena jasotzen duen lan honek, berau aplikatzen duten bi estatuetako bisitak azaltzen ditu zehatz-mehatz. Munduaren aurrean, euskal preso politikoen senideok bizi dugun salbuespenezko egoera plazaratzen duena lana, dispertsioa ulertzeko ezinbestekoa. Hartara, lau hizkuntza ezberdinetan (euskara, frantsesa, gaztelera eta ingelesera) argitaratu dugu.
Sufritzen dugun itomen ekonomiko larria hobeto ulertzen laguntzen duten estatu bakoitzeko kartzela bisita adibideak ezarri ditugu. Gaur egun beste bi familiak haienak aipatuko dituzte, Oihana Parotek eta Kattin Haranburuk.

Estatu frantsesaren jarreraz ari garenez, dosier honen gaia ez bada ere, nola ez aipatu, oso larriki eri den Ibon Fernandez preso mantentzen duela eta baldintzapeko eskaerak ukatzen dituela zentzurik gabeko argumentuekin. Atzo ere, oso larriki eri den Lorentxa Guimonena epaileek onartu ondotik, estatua ordezkatzen duen fiskalak deia egin duela, egoera krudela bat luzatzeko asmoarekin. Baina gai hori ere berriz aipatuko dugu.

Urte luze hauetan frogatu dugun bezala, edozein prezioa izanez, maite ditugunak bisitatzen segituko dugu, edozein baldintzetan. Baina oinarrizko eskubideen urraketa iraunkor hori ozenki salatzen segituko dugu ere bai. Eta gero eta jende gehiagok bat egiten du aldarrikapen horiekin. Zentzu horretan, mobilizazio garrantzitsuak izanen dira datozen asteetan.
Zapikateak deritzon dinamika nazionala berriz ere abiatuko dugula jakinarazi nahi dizuegu giza eskubideen nazioarteko egunean. Hots, abenduaren 10ean. Euskal gizarteak ere haren kontrako erasotzat duen dispertsio politikaren amaiera aldarrikatzeko, “Dispertsioa Stop” leloa duten zapiei helduta giza kateak egingo ditugu aurten ere Gasteiz, Iruñea eta Baionako hiriburuetan, jendeaz lagundurik.

Gasteizen, Ajuria Enea eta Eusko Legebiltzarra lotuko ditugu giza kateaz. Iruñean, Nafarroako Parlamentu aurrean mobilizatuko gara. Bi hitzordu hauek goizeko hamabietan izango dira. Baionan, ordea, arratsaldeko sei eta erdietan elkartuko gara, Herriko Etxean. Hiru hitzordu, eskaera bakarra: DISPERTSIOA STOP!
Bestalde, Urtarrilak 9an, Bilboko eta Baionako karrikak betetzera deitzen dugu gizarte osoa, baita ere Frantzian, Espainian eta mundu osoan giza eskubideak defenditzen dituzten guztiak, Sare eta Bagoazek antolatutako manifestaldian. Oso garrantzitsu eta larria baita. Politika honek arduradun zuzenak ditu, entzun behar gaituzte!