ETXERAT (2022-XII-10). Aurten ere euskal preso politikoen senide eta lagunok, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan, gure kritika erakusten jarraitzen dugu kalean. Izan ere, Auzitegi Nazionalak salbuespen espetxe-politika, eskubideak urratzen dituen alde zigortzailea soilik duena, aplikatzen jarraitzen du presoen aurka.

Gaur, gure artean eta mundu osoan errepikatzen diren arraza, erlijio eta generoagatik ematen diren eskubideen urraketa larrien gaitzespenarekin bat egiten dugu, eta, era berean, bozgorailua pizten dugu  sufrimendua eragiten duten politika diskriminatzaileak mantentzeari uko egiteko.

Gaur, Gasteizen, ozen esan nahi dugu nahikoa dela Aznarren garaiko 7/2003 Legea sistematikoki aplikatzearekin. Hiru hamarkada baino gehiagoz euskal preso guztien aurkako isolamendua eta espetxe-baldintza muturrekoenak mantendu ondoren, garai berri honetan Estatuak ohiko baimenei uko egin eta hirugarren graduei eta baldintzapeko askatasunei betoa jarri die.

Garai berri batean sartzen hasiak garela esan dugu, eta birgizarteratzeko eskubideak lehentasuna izan beharko dira edozein mendeku-zantzuren gainetik, baina Espainiako justiziak ez du aintzat hartzen euskal presoek eginiko ibilbidea, ezta espetxeetako tratamendu-batzordeen lana, euskal presoen harira egindako jarraipena, perspektiba eta idatzitako txostenak, eta ez ditu errespetatzen Eusko Jaurlaritzak hirugarren graduen alde hartutako erabakiak.

Horixe da, hain zuzen ere, giza eskubideen egun honetan, egunero ospatu beharko litzatekeen egun honetan, salatzeko duguna.

Gure senide presoen eta gure presoen eskubideen aldeko lanarekin jarraituko dugu. Ez dugu atzera begiratuko, urruntzearekin eta sakabanaketarekin amaitzeko euskal gizartearen inplikazioa erabakigarria izan den bezala, aurrera begiratzera animatzen diogu berriro ere jendarteari, gure senideei ezartzen dieten blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko, berandu izan baino lehen. Gure senideek aspaldi adierazi baitute biktimekiko errespetua eta herri honen etorkizunarekiko, bizikidetzarekiko eta behin betiko bakearen eraikuntzarekiko konpromisoa.