ETXERATEspetxe Zaintzak argitaratutako I-3/2017 instrukzioaren inguruko lehen balorazioan legediaren interpretazioaren ertzak mugatzeko helburua zuela eta larri gaixo diren preso politikoen askatasuna lortzeko legedi murriztailea hartzera behartzen zuela esan genuen. Espainiar Gobernuak EH Bilduko senataria den Jon Iñarrituk egindako galdera bati emandako erantzunaren ostean, badakigu oker ez gabiltzala, eta are gehiago orain bere momentuan kalifikatu genuen krudelkeria erakustaldiaz: larri gaixo diren preso politikoak soilik kaleratuak izango dira beraien bizitza arriskuan dagoenean, eta hau “bizitza arriskuan dagoela agerikoa denean, heriotza aurreikusten den egoera bat denean, bi hilabeteko epe batetik behera eta ziurtasun handia dagoenean”.

Gure balorazioak ez du interpretazio ezberdinetarako lekurik utzi nahi: espainiar Gobernuaren borondatea mina eragitea da. Min fisikoa, gaixotasun larria sufritzen dutenei. Mina, euren gaixotasunari aurre egiteko tratamendu medikua ukatzean. Mina, gaixotasuna fase terminalean dutenek Minaren Unitate edo zainketa aringarritara joateko aukerarik ez izatean. Eta min psikologikoa, euren gaitzari erantsitako sufrimendua dela eta, buruko gaixotasun larriak sufritzen dituzten presoen gisako mina. Espainiar Gobernuak preso gaixo larriak zein euren senideak agoniaraino sufritzera kondenatzen gaituela jakinarazten dugu.

NBEk Torturaren eta bestelako tratu edo zigor krudelen aurkako Nazio Batuen Konbentzioan adostutako “torturaren” definizioa ezin dugu ahazteari utzi: “Torturaren  esanahia apropos eragindako min edo sufrikario larria da, izan fisiko edo psikologikoa, berariaz edo hirugarren baten bitartez informazioa lortzeko xedearekin, egin duen aktibitate edo susmopean dagoena zigortua izateko, pertsona hori ikaratu edo hertsatzeko, edo diskriminatzaile izaten diren beste arrazoi batzuk eragiteko helburuarekin, min edo sufrimendu hauek funtzionario publiko edo funtzio publikoak betetzen dituen beste pertsona batek eragina edo hauen baimen edo oniritziarekin izandakoa.”

Eta galdera hau egin nahi dugu, ez soilik espainiar Gobernuari, klase politiko osoari, indar sindikal osoari, agente guztiei eta GGEE inguruan jarduten duten elkarteei ere zuzentzen gara. Non dago I-3/2017 instrukzioa eta torturaren arteko ezberdintasuna? Orduan, nola izendatu behar dugu espainiar Gobernuaren borondate anker hau?

Baina bada larritasuna gehitzen dion faktorea egungo egoera larriari. “Kodigo Penalaren moldaketa berria” deituriko neurria ETAren armagabetzea baino hilabete lehenago egitea ez da inongo kasualitatea. Are gutxiago, hiru aste igarota, ankerkeria eta krudelkeria osoarekin larri gaixo diren preso politikoen askatasunaren inguruan emandako erantzuna.

Aurretik ere aipatu izan dugu: Espainiako kartzela legedia erabilia izan da etengabean, mendekuak behartzen duen neurrian momenturo moldatua izateko. Eta egungo momentuan mendekuak apustu sendoagoak eskatzen dituela begi bistakoa da. Espainiar Gobernuak bortxakeria, ankerkeria eta mendekuari espazio legal bat eman nahi dio. Ez dugu uste euskal gizarteak halakorik onartzeko prest dagoenik. Hortaz, dei egiten dugu eragile politiko, sindikal eta sozialei zein giza eskubideen errespetuaren bermatzaileak diren instituzioei urrats bat aurre eman eta premiazko inplikazio arduratsu bat hartzea bere onetik aterata dagoen Gobernu espainiarraren jarrera geldiarazteko.

Testuinguru honetan, Sarek larri gaixo diren preso euskaldunen askatasunaren alde maiatzaren 6an Gasteizen, arratsaldeko 17:30etan, egingo duen manifestaziora atxikitzen gara. Euskal gizartea bertan lekukotzea eskatzen dugu. Gaur salatu dugun egoera honek atzera bultzadarik eragin ez dezan iritsi nahi dugun bake eszenatokira bidean. Guztion erantzukizuna da. Guk gure erantzukizuna onartu eta lanean jarraituko dugula azpimarratzen dugu.

gasteiz2.jpg