Hau da premiaz eskatzen duguna: Larriki gaixorik daudenak, 70 urte baino gehiago dituztenak eta baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoen berehalako askatasuna eta jadanik baimenarekin atera diren eta hirugarren graduan dauden presoen kaleratzea
ETXERAT (2020-III-25). Oso momentu zaila eta korapilatsua bizitzen ari gara denok. Beldurra, ziurgabetasuna, segurtasun eza eta sufrimendua pairatzen ari gara, eta guzti honi konfinamendua bezalako neurri antinatural batek sortzen dituen zailtasunak, tentsioa eta ondorioak gehitu beharko dizkiogu.
Une honetan, gure segurtasuna eta maite ditugunen segurtasuna da gure lehentasuna. Ez kutsatzeko eta babesteko neurri guztiak hartzea da gure kezka nagusiena. Eskularruak, maskarillak, alkohola, lixiba, segurtasun-distantzia eta protokolo egoki bat jarraitzen dugu gu ez kutsatzeko eta baita besteak ez kutsatzeko ere. Egoera honen inguruan hau ohartarazi nahi dugu:
Espetxean, dagoen konfinamendurik handiena izanik, egoera oso ezberdina da. Gatibu dauden pertsonek ez dute aukera guk ditugun neurri eta prebentzio protokoloak jarraitzeko. Ez dituzte eskularrurik, ez alkoholik, ezta ur oxigenaturik ere, zailtasun askorekin, lixiba pote bat lor dezakete bakarrik. Oso zaila da espetxe barruan segurtasun-distantzia mantentzea, bai gainontzeko presoekin, baita funtzionarioekin ere, espazioak oso txikiak eta itxiak dira, eta jende asko batera elkarrekin egoten da askotan.
Koronabirusari dagokionez, egoera orokorra kezkagarria bada, espetxetan are kezkagarriagoa da. Ez dugu alarmismoa piztu nahi, baizik eta kontzientzia sortu, gizartearen gehiengoa ez baita egoera honetaz jabetzen. Ezin dugu ahaztu espetxean pilaketa izugarria dagoela eta aireztapenik gabeko leku txiki eta itxiak direla. Garbitasuna eta higienea mugatua da eta prebentzio eta babes neurriak hartzea ia ezinezkoa da. Gainera, bertako baldintza txarrengatik eta elikadura eskasarengatik, bertan dauden pertsonak ahulagoak dira orokorrean, beraz, kutsatzeko arrisku gehiago dute.
Ororen gainetik, gogorarazi nahi dugu espetxean dauden pertsonek prebentzio eta babes neurri guztiak hartzeko eskubidea dutela, kanpoan gaudenok dugun bezala. Osasunaren eskubidea da, beste guztien gainetik jarri beharko den eskubidea. OME-ek dioen bezala, espetxean dauden pertsonek kanpoan gaudenon osasun-eskubide bera daukate, eta haien kasuan, Estatua da haien integritatea eta bizia bermatu beharko duena. Gainera, presoak ez kutsatzeko hartzen diren neurriek ezin dituzte berez mugatuta dituzten eskubideak baliogabetu.
Duela gutxi larriki gaixorik dauden presoengan eta 70 urte baino gehiago dituzten presoengan jarri genuen arreta. Arrisku taldean sartzen dira pertsona hauek haien gaixotasunengatik eta adinarengatik, espetxean daudenez, arriskua handiagoa da bertako baldintzengatik. Preso hauen egoerari irtenbide bat emateko beharraren premia, Covid-19-ren eraginez espetxean hildako pertsona batekin islatzen da. Hainbat palotogia zituen 78 urteko emakumea da espetxean hildakoa. Espetxeko agintariek eta agintari judizialek, haien erantzukizuna presoen bizia babestea delarik, azalpenak eman beharko dituzte 70 urte baino zaharragoa zen pertsona gaixo bat espetxean jarraitzen zuelako. Eta heriotza hau lau egunez estali izanaren arrazoia eta ea beste zerbait estali ote duten azaldu beharko dute baita ere.
Pertsona hauen egoera premiaz konpontzeko eskatzen dugu, arduraz eta gizatasunez. Kalean egon beharko lukete, espetxeko legediak hala diolako, eta espetxean mantentzeak haien bizia arrisku handiagokoan jartzen duelako. Ze helbururekin mantentzen dituzte preso hauek espetxean? Gatibu dauden pertsonengan hartzen diren neurri humanitarioak zein irizpiderekin hartzen dira? Duela gutxi argitaratutako berriak zihoen Frantzian 5000 preso kaleratuko direla, haien artean osasun arazo larriak dituztenak daude, eta dudarik gabe, berri ona da hau. Hartutako neurri honek dagoen pilaketa arinduko du hein batean, eta 5.000 pertsona horien segurtasuna bermatuko du. Oraindik ez dakigu Estatu Frantsesak neurri hau gizatasun osoz ezarriko duen edo; beste behin ere, presio politikoen eraginez, larriki gaixorik dauden euskal preso politikoak alde batera utziko dituen, dituzten gaixotasunei zama gehituz eta haien eta haien senideen sufrimendua handituz.
Espetxeetako egoerari dagokionez, oso zaila da mapa orokor bat trazatzea, espetxe bakoitzak bere legedia duelako eta lege orokorren interpretazioa ezberdina delako, gainera komunikazioak mugatu direnez, barrutik jasotzen dugun informazioa ere mugatua da.
Badakigu zenbait espetxeetan moduluak hustu dituztela, medikuek agindutako isolamendua edo berrogeialdia igaro ahal izateko. Hartutako neurria beharrezkoa da zalantzarik gabe, baita ezinbestekoa ere, baina zalantza dugu ea beste moduluetako jende kopurua bikoiztu den, eta ondorioz, arriskua handitu. Dena den, funtsezkoa da mediku-asistentzia bermatzea pandemia kontrolatzeko behar diren baldintzekin. Badakigu espetxeetan dagoen mediku-asistentzia murritza dela beti, horregatik kezka dugu ez dakigulako ea ekipamendu medikoak ziurtatu eta indartu diren espetxe barruan pandemiari aurre egin ahal izateko.
Honetaz gain, esan dezakegu hartutako neurriak murriztaileak direla, eta komunikazioei eragiten dietela nagusiki. Komunikazioen etendura birusa gehiago ez zabaltzeko egin dela ulertzen dugu. Baina ez dira beste neurri batzuk ezarri presoak haien familiarekin duen harremana ez galtzeko; presoak, Estatu espainolean, baimendutako 8 dei edukitzetik 12 dei edukitzera pasatu diren arren. Dei hauek iraupen mugatua dute eta gastu ekonomiko gehigarria suposatzen dute (gainera familia askoren momentu okerrenean eman da gastu ekonomiko gehigarri hau), dei hauek inolaz ere ezin dituzte ohiko komunikazioak ordezkatu, hauek ere nahiko mugatuak diren arren.
Hau gutxi balitz, Correos-ek alarma egoera honengatik hartutako neurrien artean idatzizko prentsa ez banatzea dago, dispertsatutako gure senideentzat isolamendua handitzea suposatzen duelarik. Gainera hau dena familiarteko komunikazioa oso beharrezkoa denean gertatu da, bestearen berri jakitea ezinbestekoa denean, ea ondo dauden jakiteko, zalantzak argitzeko eta lasaitasuna irabazteko.
Laburbilduz: espetxeetako egungo egoera oso kezkagarria da eta aurrerantzean eman daitekeen egoera oso asaldagarria. Espainiako eta Frantziako agintariek prebentzioa eta babesa bermatzeko neurriak ezarri beharko dituzte presoen integritatea eta osasuna bermatzeko, eta aldi berean, dagozkien eskubide guztiak erespetatu beharko dituzte.Hori da beraien erantzukizun nagusia.
Egoera honek jokabide ausartak eskatzen ditu, egungo legediak dioen moduan. Jadanik preso askok kalean egon beharko lukete eta espetxean daude oraindik kondenei zigor gehigarriak ezartzeko nahiarengatik.
Horrela izanik, hau eskatzen dugu:
- Larriki gaixorik dauden presoen BEREHALAKO askatasuna.
- 70 urte baino gehiago dituzten presoen BEREHALAKO askatasuna.
- Baldintzapeko askatasuna lortzeko aukera duten presoen BEREHALAKO askatasuna, Estatu frantsesak sistematikoki ukatzen duen neurria da hau, presoek eskatutako baldintzak betetzen dituzten arren.
- Jadanik baimenarekin atera diren eta hirugarren graduan dauden presoen kaleratzea, baimenak eman ondoren hirugarren graduaren kontzesioa epe kontua besterik ez baita.
- Presoek prebentziorako, babeserako eta desinfekziorako behar dituzten tresnak eta neurriak erraztea, pandemiari aurre egiteko ezarritako segurtasun protokoloak errespetatuz.
- Mediku-ekipamenduak indartzea, espetxeetako mediku-asistentzia eguneko 24 ordutan bermatu ahal izateko, pandemia honek eskatzen duen segurtasunez eta eraginkortasunez.
- Espetxeetan bideo-deiak egiteko sistemak ipintzea, komunikazio etenduraren ondorioak ekiditeko. Telefono deien gastu ekonomikoa espetxeko administrazioak bere gain hartzea.