ETXERAT (2020-III-17). Atzo Estatu mailako 30 erakunde baino gehiagok (Salhaketa eta Osabideak, besteak beste) espainiar Barne Ministerioari eta Espetxe Instituzioei espetxetan premiazko neurriak eskatu zizkieten agiri baten bitartez, gaur Etxerat Elkartetik atxikimendua adierazten dugu.
Espetxetako egoera oso zaila izan daitekeela ulertzen dugu eremu honetan dauden gabeziengatik eta hutsuneengatik; pilaketa, zerbitzuen gabezia, mediku-arreta eskasa edota 70 urte baino gehiago eta larriki gaixorik dauden presoak espetxean mantentzearen eraginez, besteak beste.
Egoera honek ondorio larriak eragin ez ditzan, berehalako esku-hartze eraginkorra behar du, presoen eskubideak eta osasuna lehentasunezko helburutzat hartzen duena. Eskakizun hau Frantziar Estatuko autoritate judizialei eta espetxeko agintariei zabaltzen diegu baita ere. Oroitarazten dugu arrisku handiko taldeetan diren preso batzuk kalean izango zirela, fiskalaren blokeorik gabe.
Une honetan, denon osasuna babesteko gure eskura dauden neurriak hartzeko beharra dugun honetan, gure arreta preso dauden pertsonengan jartzen dugu, beraien kabuz ezin baitute haien osasuna zaindu, haien eskubideak aintzat hartzen ez dituzten araudien menpe baitaude. Gure kezkarik nagusiena, talde zaurgarriaren barruan dauden preso gaixoak eta 70 urte baino gehiago dituzten presoak dira, arriskua eta zaurgarritasuna bikoizten baita espetxean.
Bisiten etendura konpentsatzeko neurriak hartuko direla ulertzen dugu baita ere, aipatutako idatzian aipatzen den moduan, bideo-deien bitartez eta baliabide honen doakotasuna bermatuz, familiarteko deskonexioa ekiditeko eta baliabide hauek familia bakoitzaren egoera ekonomikoaren menpe ez egoteko.