ETXERAT. Arlesko espetxean aurkitzen den Ibon Goieaskoetxea euskal preso politikoaren 3 senidek, horien artean adingabe bat, dispertsio politikak urte honetan eragin duen hirugarren ezbeharrean inplikatuak izan ziren. Istripua Toulouse inguruan izan zela esan dezakegu, aurrean zihoan kotxeak bat-batean balaztatu eta ezbeharra ekidin ezin izan zutelako gertatu zen, atzetik zetorren autoak ere senideak zihoazen autoa kolpatuz.

Egunerokotasunean erregistratzen diren ohiko istripu baten antzeko kontakizuna da hau. Baina erdizka kontatutako errelatoaz ariko ginateke benetako jatorria eta arrazoiaz hitz egingo ez bagenu: euskal preso politikoen senide eta lagunak beraien bizitza eskubidea gauzatzeko milaka kilometro egiteko behartzen duen salbuespeneko espetxe politika baten errua da.

Arlesko espetxea Ibon Goieaskoetxearen senideen bizitokitik 850 kilometrotara kokatua dago: behartutako bidaia bat, baldintzatutako bisita bat egiteko 1700 kilometro egin beharra, salneurri garestiegia ezarriz zentzu guztietan: arriskuak, nekea, gastu ekonomikoak. Clairvaux (1.016 km), Alençon (738 km) edo Tarascongo (664 km) espetxean aurkitzen diren euskal preso bakartu eta urrunduak bisitatzeko egin beharreko bidaia amaigabeak.

Edonori, adin ezberdinei, baldintzei muzin egin gabe, beraien egoera edo dituzten eskubideak tratatuz, euskal preso politiko bati lotua den edonor urrunketak eragiten dituen baldintza eta ondorioetara lotua dago estuki, dispertsio politikaren zutabe nagusienetakoa denaren baldintza eta ondorioetara lotuak. Adingabeei ere eraginez, indargabetua egon behar zuen espetxe politika honen mantentzearen erruagatik funtsezkoenak dituzten bizitza eta osasun eskubideak urratuak direlarik.

Hau da egoera. Ondorioak salbuespeneko espetxe politika honen jarraitutasun eta existentziagatik da, mantentzearen alde dauden gestore eta jarraitzaileengatik. Duela hilabete batzuk Europako Parlamentuan espetxe europarretan aplikatutako urrunketa politika kondenatzen zuen “Bergeron” txostena Frantziako alderdi politikoek ia aho batez onartu ostean (Fronte Nazionala izan ezik), frantziar Estatua politika suntsitzaile honen arduradun eta kolaboratzaile zuzena izaten jarraitzen du.

Gurea ez da errepidean gertatutako istripu baten kontakizuna, inposatu dizkiguten ondorio eta arrisku batzuen inguruko kontakizuna da. Urtearen laurden bat beteta dugunean 9 senide inplikatuak izan dira 3 ezbeharretan. Dispertsioak euskal preso politikoen senide eta lagunei sorrarazitako sufrimenduaren zerrendan kalte gehiago erantsi beharra izaten dugu, zerrenda horretan 16 heriotza biktima izanik.

Euskal gizarteak irmoki hartutako borondateak, eragile ezberdinez osatutako delegazioaren esfortzuak, Ipar Euskal Herriko elkarte eta kargu publikoek beste eragileekin abiarazitako kontaktuak, tartean Giza Eskubideen defentsan ibiltzen diren eragile zein Justizia ministerioarekin batera, frantziar Gobernua egungo espetxe politika aldatzeko bidean lehen urrats lotsatiak ematera behar dute.

Horregatik, konfiantza osoa dugu urrunketa politikaren amaiera, larri gaixo diren presoen askatasuna eta baldintzapeko askatasunak exijitzen dituen euskal gizarte eta eragileengan. Konfiantza eta sostengua Bake Bideak eta Bake Artisauek asteburu honetan antolatu duten Bake Foroari eta baita, bere (eta hain familien) eskubidea den baldintzapekoa sistematikoki ukatzen zaien presoen askatzea aldarrikatzeko –haien artean duela 28 urte preso diren Jakes Esnal, Ion Kepa Parot eta Frederik Haranburu- Bagoazek apirilaren 14an deitutako mobilizazioei.

Gure interpelazioa Gobernu frantziarrari zuzendua dago: Prest al dago frantziar Estatua bere urrunketa politikak eragindako heriotza biktima bat onartzeko? Guk ezin dugu itxaroten jarraitu. Urrunketak ondorio konponezinak eragiten ditu, egunero ondorioak eragiten jarraitzen du, kilometroz kilometro. Beste asteburu baten atarian gaude eta ehunka senide eta lagun milaka kilometro egitera behartuak daude, beraien eskubideak gauzatu ahal izateko arriskuak hartu behar dituztelarik.

Guk, euskal preso politikoen senide eta lagunok arrisku horiek onartzera behartuak gaude. Momentu honetan ez dugu beste sendagairik, ez dugu beste aukerarik, oraindik ez baitago aldaketarako borondaterik: bakoitzak onar ditzala egokitzen zaizkion erantzukizunak. Eta Estatu frantziarraren erantzukizuna da sufrimendu honi amaiera ematea.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!

baiona2.jpg