Estremera, Sevilla eta Cordobako euskal presoek isolamendutik atera dute, zergatik ez Huelvan eta Soton?

ETXERAT (2020-XI-6). Zerbait mugitzen ari da, baina ez behar bezain beste, ezta behar den ausardiarekin ere. Urruntzearekin amaitzeko garaia da, ez da distantzia erdira edo herenera hurbiltzeko garaia, Zaballara eramateko garaia da.

Euskal Herrira ez bada ere, hain urrun ez dauden espetxeetarako lekualdatzeen ildotik, isolamendu-moduluen anakronismoa eta espetxeen barruko sakabanatzea ere arintzen hasi dira.

Duela gutxi, Estremera, Sevilla eta Cordobako presoek Erregimen Itxiko Unitate Bereziak (isolamendua) utzi eta gainerako presoekin moduluetara pasatu dituzte. Hala ere, isolamendutik atera diren preso hauek lehenengo graduan daude. Isolamendua, ordea, indarrean dago Huelvako eta Soto del Realeko espetxeetan.

A Laman eta Jaenen dauden euskal presoak modulu bakar batean bildu dituzte eta beste era bateko taldekatzeak ere izan dira Sevillan, guztiak modulu berean jarri dituztelarik, preso bat izan ezik. 1. eta 2. moduluetan bildu dituzte Puerto III espetxean ere baina euskal preso bat 3. moduluan bakarrik dago.

Hala ere, espetxe gehienetan oraindik ere sakabanatuta daude presoak, espetxe berean zenbait modulutan banatuta. Horren adibide da Kordobako espetxea, presoak isolamendutik atera ondoren bi modulutan bereizi baitituzte, eta egoera berean daude ere Puerto I-n, Granadan, Murtzia II-n, Villenan, Castelló I-n eta Castelló II-n, Zueran, Soto del Realen, Dueñasen eta Mansillan.

Bestalde, emakume askok urteak daramatzate, urrun egoteaz gain, bakarrik espetxeetan, kiderik gabe. Egoera hori bereziki luzatzen ari da Algecirasen, Almerian, Huelvan, Kordoban, Granadan eta Teixeiron.

Emakumeak bakarrik kartzelaratzeaz gain, zenbait gizonezko ere egoera berean daude, hilabeteak edo urteak egoera honetan daramatenak. Hori Cáceresen, Badajozen, Valdemoron, Foncalenten, Teruelen, Ocaña I espetxean gertatzen da eta, laster, Murtzia I espetxean gertatuko da.

33 urteko zigorra eta sufrimendu jarraituarekin amaitzeko garaia da. Bizirik itzultzeko garaia da.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!