20140918

Egun on eta eskerrik asko prentsaurreko honetara etortzeagatik:

2014. urtea hasi zenetik, senideek errepidean izaniko beste istripu bat salatu behar dugu berriz ere, eta jadanik bederatzigarren aldia da. Sakabanaketak errepide istripu berri bat eragin du berriz ere, oraingoan oso larria izan dena. Preso politikoen hiru senide zauriturik suertatu dira, eta beste ibilgailuan bidaiatzen zuen beste persona bat istripu honetan zendu da.

Honelako istripuak ez dira besterik gabe gertatzen. Ez dira kasualitatea, kausalitatea baizik. Eta hau argi eta garbi azaldu nahi dugu: dauden tokian daudela ere, gure senideak bisitatuko ditugula erabaki dugu. Senideak maite ditugu eta gure eskubidea da, baita haiena ere. Erabakia, beraz, gurea da, baina erantzukizuna ez. Senideak ikusteko eskubidea gauzatzeko astero ehundaka kilometro egiteko erantzukizuna eta bidaiak egiteko baldintzen erantzukizuna ez dira gureak. Mina egin beste helbururik ez duen espetxe politika hau indarrean jarri zutenei dagokie erantzunkizun osoa, oso-osorik. Eta arduradun politiko horiek bidaia luzeak egiteko baldintzak ezarri dizkigute: erlojuaren aurkako bidaiak dira eta askotan gauez egin beharrekoak. Gure lana eta bisitak egiteko ordutegiak ez dira bateragarriak, eta horren ondorioz, ez dugu beharrezko atsedena hartzeko astirik. Gure bidaiak bermerik gabe, tentsioz beterik eta presiopean burutzen dira. Eta hauxe adierazi nahi dugu ozenki: bidaiak ez ditugu egiten oporretara, lanera edo gozamen bila joateko, edo beste zereginik ez dugulako. Bidaiak halabeharrak horretaraturik egiten ditugu.

Bidaia luzeak egiteko baldintzak guztiz egokiak dira honelako istripuak gerta daitezen, Euskal Herritik urruti dauden espetxeetarako bidaietan gure bizitza etengabe arriskuan baitago. Puerto, Algeciras edo Clairvaux-era joateko 12 orduko bidaia egin behar dugu, eta 12 orduko bidaia etxera itzultzeko. Estatuko errepideetan batetik bestera 25 urte eman ditugu jadanik, eta politika hiltzailea den sakabanaketak hamasei senide hil ditu. Sakabanaketa mendeku hutsa da, krudela da eta oinarrizko giza eskubideak urratzen ditu, eta sakabanaketaren ondorioz 16 senide hil dira eta ehundaka zauriturik suertatu dira. 2014ko errepide istripuen bataz bestekoa ikaragarria da, bederatzi hilabete hauetan bederatzi istripu izan direlako.

 [widgetkit id=61]

Gure giza eskubideak eta milaka euskal herritarren eskubideak asteburuero urratzen dira. Urkullu jauna, lehendakari gisa, nolatan babestuko gaituzu? Sakabanaketak eragindako edozein biktimaren egoeraz noiz arduratuko zara zuzenean?

Sakabanaketa indarrean jarri zutenek izen-abizen zehatzak dituzte. Errepideetan hiltzen gaituen espetxe politika honek gure eskubideak urratzen ditu. Ares jauna, Semper jauna, Maneiro jauna, Barcina anderea, eta jakina, Hollande jauna, zein onura lortzen duzue egoera honetatik? Zergatik tematzen zarete gure sufrimendua mantentzen? Erantzuna jakiteko eskubidea dugu. Jarrera epelek, utzikeriak eta eta arduragabekeriek gogaiturik gauzkate. PSE-k, PP-k, UPN-k edo UPyD-k gure sufrimenduak iraun dezan nahi dute eta nazkaturik gaude. Gure herrian sufrimendua eta mina zabaltzeko asmoan tematurik daude eta gu nazkaturik gaude.

Giza eskubideak ez dira erosten, ezta saldu ere. Ez dira negoziazio bitxien eztabaidagai eta ez dira komenientzia politikoen arabera onartu edo ukatu egiten den zerbait.

Aski da! Giza eskubideak defenda itzazue. Giza eskubideak persona guztientzat.

Sakabanaketa ezin da inolaz ere onartu eta arnasa kendu behar zaio.

Beraz, bihar, asteazkena, eguerdiko 12etan hiriburuetan burutuko diren elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatzen diegu herritar guztiei..


Etxean nahi ditugu!

Etxerat elkartea