ETXERAT. Alberto Plazaola euskal preso politiko ohiak Ziburun berriki jasan duen bidegabeko atxilotzea dela-eta, Etxeratek bere gaitzespen sendoena adierazi nahi du. Joan den urtarrilean Xanti Arrozpiderekin gertatu bezala, lotsagarria eta kriminala da oihartzun mediatikoa lortzeko xede garbiarekin burutu den atxilotze berri hau. Mendekuzko ekintza bidegabe hauekin leku txar eta lotsagarrian geratzen ari da nazioartean etengabe Espainiar estatuko aparatu judiziala. Auzitegi Gorenaren azken trikimailu juridiko honek - Frantziako Estatuko espetxeetan egindako urteak ez zenbatzea – haien kondena betetako gure adiskide eta senideak burdinen artean bizitzera zigortu nahi ditu, aurrekoan aipatu genuen legez, kolektibo, komunikabide eta sektore batzuentzako garaikur gisa salduta. Guri eta gure senideei etorkizuna marraztea galarazi eta etsipenean hondoratu nahi gaituen jazarpen politika honen amaiera exijitzen dugu.