ETXERAT. Dispertsio politikaren amaiera lortzeko bere jardunean eta horri aurre egiten dieten pertsonen errealitate gogorra ezagutarazteko asmoz, plangintza berri batez jakinarazi nahi dizue Etxeratek. “Dispertsioaren hegiak”, egungo kartzela politikak ukitzen dituen bazter eta profil guztiak ikustarazteko ekimena da. Plangintza honek bi alderdi jorratuko ditu: bata instituzionala eta bestea gizarteari zuzendua. Lehenengoan erakunde, alderdi, sindikatu eta hainbat eragilerekin lan egingo dugu akordioak lortze aldera. Bigarrengoak, ordea, hitzaldi formatua izango du eta herritarrei zuzendua izango da. Politika anker horren erpin ezberdinak aztertuko ditugu, bere hegiak.
Lehenengo geltokia haurrak eta dispertsioa izango dira. Dispertsioa bezala ezagutzen den egungo kartzela politika, oinarritzen den urruntze eta neurri berezietan laburtzetik urruti, presoen senide eta lagunengana ere iristen den bonba hedakor bat da: kartzelan dauden euren senideak ikusteko distantzia izugarriak bidaiatu behar izateaz gain, euren biziak fisikoki, psikologikoki eta ekonomikoki baldintzatzen ditu.
Dispertsio politikak, edo hiltzen gaitu edo erasotzen gaitu, bi ahoko arma baita. Kaltea ziurtatua dago sakabanatze politikarekin. Honek, euskal gizartearen gehiengo zabal bati, eta bere baitan adin, sexu, klase edota ideologia ezberdineko profilei eragiten die, nahiz eta horrek axola ez duen, urratzen ari direna pertsona bezala dagozkigun eta ukatzen ari zaizkigun giza eskubideak direnean. Presoak bezainbeste hartzaile diren senideen multzo horretan, haurrak eta adin txikikoak daude:
Umeak eta dispertsioa. Amildegi batek banandu beharko lituzkeen hitzak dira, baina zoritxarrez, ez da horrela. Amildegi kilometrikoak dira euren kartzelatutako guraso edo senideengatik banantzen dituztenak. Euskal preso politikoen senideen alorrean errealitate bat izan dira eta jarraitzen dute izaten. 26 urteetan zehar senideen aurka zuzentzen eta haur generazio ezberdinak bizitza osorako kolpatzen daraman salbuespen politika honen hartzaileak ere badirelako adin gabeak. Dispertsioak, preso politikoaren edozein familia edo adiskide loturen gainean eragiten duela, errealitate ukaezin bezain samina da. Umeak ez dira salbuespen. Eta sakabanatzeak, familia bizitza izateko eskubidea era nabarmenean urratzen duela erakusten duen adibide garbia dira.
Ondorio batzuekin edo besteekin, sakabanatze politikak bizitza osorako baldintzatuak utziko dituen haur hauek – ezin dugu ahaztu eurak ere bizitza arriskatzera bultzatuak direla – oso txikitatik egiten dituzte desplazamenduak. Horrelako distantziak egiteko adin nahikoa dutenean hasten dira bidaiatzen, ez adin egokia dutenean. Urte hauetan oso garrantzitsua da, besteen artean, gaitasun sozialak garatzen dabiltzalako, eta pertsona osaketarako, ezinbestekoa duten berme bat ukatzen ari zaie. Ez gara sartuko sentimenduen alorrean, maitasun gabezian, baina agerikoa da ere.
Euren ikasketak eta garapen psikologikoa baldintzatzen ari zaien umeak dira, presoak dispertsatuta dituzten kartzeletarainoko ibilbide luzeei, ikasketa orduak gehitu behar zaizkielako. Bisiten segidan bidaiari ekin behar diote berriz, garraioa eta bisitak bat egiteko zailtasunengatik klaseetara huts egiten ez badute. Bisita hauen ostean, normala den nekearekin bueltatzen dira klaseetara, eta egindako bideak eragindako neke fisiko eta emozionalaz guztiz osatu gabe. Ikasketak eragozten dizkie, eta horrekin batera, honi lotuta dagoen nortasunaren eratzean.
Politika honek giza izaeraren garapena, eta ikasketa eskubideak aldarrikatzen duen oinarrizko askatasunen eta giza eskubideekiko errespetua oztopatzen du. Nola irakats eta eskatu dakieke gero ukatzen ari zaien errespetua?
Normalizatua ere ez den erlazio bat eramateko, bidai horren luzeetara derrigortzea, osasun eskubideak errebindikatzen duen haurrekiko babes sozialaren aurkakoa da. Begiratzen den arlotik begiratuta ere, kolektibo hau besteak baino babesgabeago aurkitzen da sakabanatze politikaren aurrean. Euren familia bizitza eskubidea urratzen du, eta eragin zuzena du ikasketa errendimenduan – ikasketa eskubideari eraginez -, garapen fisiko eta psikologikoan – osasun eskubidea– eta adingabekoen babes eskubidean, bere gurasoak ikusteko ordu eta kilometro mordoa egitera bultzatuak direnean. Ezin dugu ahaztu kasu bat baino gehiagotan bi gurasoak, aita zein ama, kartzelan eta dispertsatuak, elkarrengandik urruti izan direla, familia batasuna erabat zatituz, guztiz ezinezkoa bilakatzeraino. Azkenekoz, berriz ere azpimarratzen dugu: eurak ere bizia galdu dezakete horrelako bidai luzeetan.
Zentzu horretan, duela lau urte Mikel Egibar euskal preso politikoaren semeek eta emazteak izan zuten istripua ekarri nahiko genuke gogora. Presoa Zueran bisitatzetik bueltan kamioi baten aurka jo zuten. Egibarren emaztea eta semea kotxetik atera behar izan zituzten suhiltzaileek, eta alaba haur ospitale batera eraman zuten. Hiruak, Aragoiko bi ospitaletan ingresatuak izan ziren.
Errealitate hau Bilbon hasiera izango duten hitzaldietan landuko da. Ostegun honetan, 25, La Bolsa aretoak mahai-inguru bat hartuko du. Bertan, psikologo batek, hezkuntzako profesional batek eta euren haurtzaroan dispertsioaren uztarripean bizi izan diren pertsonek sakabanatzearen ikuspegi ezberdinez hitz egingo dute. Etxeratek gonbidapen zuzena egin nahi die herritarrei gero beste eskualde batzuetara iritsiko den solasaldi horretara hurbildu daitezen.