ETXERAT. Gaur goizean Eusko Legebiltzarra bisitatu duen Ives Saint-Geours Frantziako Enbaxadoreari gutuna helarazi dio Etxerat Elkarteak. Bertan, Ibon Fernandez Iradi eta Lorentxa Guimon larriki eri diren euskal preso politikoen berehalako askapen​a eskatu diogu, biek bizi duten hil ala biziko egoera dela-eta:

 

 

Gutun honen bidez, Etxeratek, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak, ordezkatzen duzun estatuan preso diren gure bi senideen kasua gogorarazi nahi dizu. Ibon Fernandez Iradi eta Lo­rentxa Guimon dira, biak espetxean mantenduak nahiz eta haien askatasunaren aldeko erabaki judizialak izan diren.

Ibon Fernandez Iradi, 2003tik preso, Lannemezan-eko presondegian aurkitzen da eta esklerosi anizkoitza dauka, berantarekin 2013an diagnostikatu ziotena. Kouchner legeak ezartzen duenez, administrazio judi­zialak izendatutako bi mediku independientek bere eritasuna kartzelarekin bateragarria ez dela esan dute. 2014eko ekainean, epaileak bere kondenaren suspensioa onartu zuen, baina beste auzitegi batek Frantziar lurraldean egoteko debekua dela-eta, ez zen aplikatu. Azkenean, Pariseko Dei Korteak hirugarren aditu baten iritzia eskatu zuen (legeak eskatzen ez duena) eta erabakia hainbat aldiz atzeratu ondotik, suspensioaren aurkako erabakia hartu zuen 2015eko maiatzean.

Lorentxa Guimon, 2003tik preso ere bai, Rennes-eko kartzelan dago eta Crohn eritasuna dauka 1991tik. Bere egoera asko larritu da azken hilabeteetan, eta hiru aldiz urgentziarekin ospitalean ingresatua izan da. Bere lehen baldintzapeko askatasunaren eskaera onartua izan zen 2015eko azaroaren 20an, baina Proku­radoreak dei egin du, Lorentxaren askatasuna atzeratuz erabakia jakin arte, hau da, etzira arte.

Oso ongi ezagutzen ditugu gure senideei aplikatzen zaizkien baldintzak, eta badakigu osasun eskubidea ez dela errespetatua kartzeletan, are gutxiago segurtasun neurri bereziak aplikatzen zaizkien presoei. Sekretu medikala ez da existitzen, hitzordu medikalak baldintzatuak, atzeratuak eta hainbat kasutan eragotziak dira administrazioaren pisuagatik, eskolta arazoengatik edo sinpleki anulatuak ez direnean. Honi higiene, janari, tentsio eta etengabeko estres arazoak gehitu behar zaizkio.

Honen aurrean, gure kezka larriena transmititu nahi dizugu. Denok dakigu eritasun mota horietan den­borak gaixorik direnen kontra jolasten duela, eta haiek kartzelan mantentzeko administrazio frantsesak erakusten duen egoskorkeria ulertezina bezain onartezina iruditzen zaigu.


Horregatik, haien kasuak mahai gainean ezartzea eta konponduak izan daitezen - erreza dena legearen aplikazio sinplearekin - zure eskuetan dagoen guztia egitea eskatzen dizuegu. Haien bizitza arrisku larrian dago.