Elkarteari aurrerapauso garrantzitsua iruditzen zaio Christiane Taubirak egindako adierazpenak, baina oraingoz, hitzak baino ez izaten jarraitzen dute.

ETXERAT. Taubira andreak berriki egindako euskal preso politikoen hurbilketa posible baten inguruko adierazpenak keinu positibotzat hartzen ditu Etxeratek, estatu horretako ministro batek lehen aldiz egindakoak izanda kontuan hartuz. Haatik, hortik harago, euskal preso politiko eta iheslarien senideen elkarteak, oraindik hitzak baino ez izaten jarraitzen dutela gogoratzen du, eta esan bezala, urrats garrantzitsutzat hartzen duguna ekintzez lagunduta etorri beharko du. Orain arte Mont de Marsan Euskal Herritik gertuen kokatzen den Frantziar estatuko kartzelara hurbilketa sistematikorik edo puntualik egon izana gezurtatzen du Etxeratek. Dispertsioak ohituta gauzkan ohiko lekualdaketei erantzuten diete soilik azken mugimenduek, beraz, ez da ez orain ez azken hilabeteetan Frantziako Justizia Ministroak Christiane Taubirak iradokitako asmoa erakusten duen destino aldaketarik egon.
Gogoan izan behar dugu Frantziako estatuetako kartzeletan oraindik ere urraketa anitz izaten jarraitzen dela euskal preso politiko eta beren senideen aurka. Lazgarrienen artean, Ibon Fernandez Iradi, esklerosi anizkoitza kartzelan jasaten duen preso gaixo larriaren egoera azpimarratzen dugu, zeinari baldintzapeko askatasun eskaera guztiak ukatu egin zaizkion, azkena aurtengo maiatzaren zazpian.
Amaitzeko, hainbat komunikabidek zuzen zabaldu duten moduan, egun, Mont-de-Marsan espetxean bi euskal preso politiko baino ez daude: Ruben Rivero eta abuztuaren 20an lekualdatu zuten Xabier Aranburu. Frantziako Justizia ministeritzatik zabaldutako informazioarekin bat etortzen den kartzela bakarra Lannemezangoa litzateke, baina horretan ere ez da ustezko hurbiltze hori frogatuko lukeen mugimendurik izan azkenaldian.