ETXERAT. Bagoaz kolektiboak gaur jakin arazi duen arabera, Pariseko zigorrak ezartzeko epaitegiak, larriki gaixorik dagoen Ibon Fernandez Iradi euskal preso politikoaren kaleratzea errefusatu du. Epaimahai frantsesaren arabera, Ibon Fernandez Iradik pairatzen duen esklerosi anikoitza bere espetxe egonaldiarekin guztiz bateragarria da.

Etxerat Elkartearentzat, Frantses estatuak berriz ere argi eta garbi eta modu gordinean adierazi du oinarrizko giza eskubideei ematen dion balio eza, hartutako erabakia, Fernandez Iradiren osasun eskubidea ezabatzea suposatzen bai du.

Etxeratek ez dio inongo zilegitasunik ematen, esklerosi anikoitza, eta holako gaitzak eskatzen dituen arreta medikoa eta zaintza, espetxeko bizibaldintzekin bateragarria dela dioen txosten bateri. Esklerosi anikoitza pairatzen duten zenbatek babestuko lukete halako erabakia?

Gure Elkartearentzat erabaki hau erabaki politikoa gordin gordina da.Berriz ere, preso politiko gaixo larrien egoera modurik bortitzenean erabilia izan da, eta erabaki honen bidez presoei beraiei, haien senideei eta Euskal gizarteari orokorrean sufrimendua jarraituko duelaren mezua luzatu nahi diote beste behin.

Etxeratek gizarteari aktibaziorako deialdia luzatzen dio, sufrimendu eta salbuespeneko espetxe politikarekin bukatzeko bide bakarra delako. Giza eskubideekiko begirunea, ezin da merkantzian bihurtu nahi izan duten interes politikoen mesedeetan utzi.