ETXERAT. Etxeratek bere XV. Nazio Batzarra ospatu zuen atzo Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Urteko balantzea eta datozen hilabeteetan jarraitu beharreko lan-ildoak aurkeztu ziren euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunekin, zein gonbidatu ziren eragile sozial, politiko eta sindikalekin. Amaitzeko, urteko bilkura hau laburbiltzeko prentsaurrekoa burutu zen komunikabideentzat:
Etxeraten hamabosgarren Nazio Batzarra ospatu dugu gaur, eta berarekin batera 15 urteko ibilbide baten mugarria. Ibilera zaila beti, oso zaila delako jazarpen eta kriminalizazioaren itzalean ibiltzea. Horregatik, nahiz eta 15 urte asko den, oso jende gutxik daki zer den Etxerat eta osatzen duten pertsonak zer diren eta zeintzuk diren. Era askotara ezagutu eta aurkezten gaituzte, eta kasu oso urriak salbuetsita, denak dira errealitatetik urruti, eta Etxeratek egiten duen lanari zilegitasuna kentzetik hurbil.
Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunak gara. Dispertsio politikaren ondorioak zuzenean pairatzen ditugun pertsonak gara. Etxerat gure elkartea da, beste edozein elkarte bezala, amankomuneko arazo bati aurre egiteko beharretik jaioa. Etxeraten asistentzia, aholkularitza eta laguntza aurkitzen dugu, gure sufrimendua lehen helburu duen kartzela politika baten kalteak hobeto jasateko. Gure bizipen eta esperientziak ulertuak eta partekatuak izan daitezkeen gunea da, eta gure senideek kartzelan, deserrian edota deportazioan sufritu ditzaketen eskubide urraketak – guk ere pairatzen ditugunak zein haien ondorioak – ezagutzera emateko lan eremua ere bada.
15 urte luzeren ondoren, denak berdin jarraitzen duela esan genezake. Baina ez litzateke errealitatearekin bat etorriko, eta horrela jaso dugu gaur hemen diren eragile politiko, sozial eta sindikalekin partekatu dugun urteko balantzean. Gure egoera berdina da, hori egia da. Guretzat ez da ezer aldatu, ez duela 15 urtetik, ez duela bost urtetik. Urteen poderioz, bere karga biderkatzen duten salbuespeneko kartzela politika baten ondorio fisiko, psikiko eta ekonomikoen helburua izaten jarraitzen dugu.
Eta beste behin esango dugu: ondorioak lazgarriak dira. Badakigu, bestela ere, egungo kartzela politikaren defendatzaileen geldialdiak ez duela bere amaiera erraz jarriko, dituen ondorioak dituela ere, edo bereziki horregatik. Baina gainontzeko euskal gizartea bezala, pertsona guztien giza eskubideen errespetua defendatzen duten indar politikoen borondate eta agendan, dispertsioaren arbuioak espazioa berreskuratzera igaro dela ohartu gara.
Onartzen dugun ardura ariketa bat da ere: dispertsioaren amaiera exijitzen dugu euskal preso politikoen senide eta lagun bezala. Dispertsioaren amaiera exijitzen dugu bere ondorioak pairatzen ditugun pertsonak bezala. Eta dispertsioaren amaiera exijitzen dugu bake eszenatoki bat izateko euren eskubidea erreklamatzen duten hiritarrak bezala.
Datozen hilabeteetan, gure lana alde batetik, senideei eta lagunei zuzendua izango da. Gure esku dagoen guztia egingo dugu zailtasunengatik edo denon artean konpondu ditzakegun arrazoiak medio, vis a vis bat edo bisita bat inork galdu ez dezan. Ezartzen dizkiguten egun eta ordutegietan bidaiatzeko zailtasunak asko dira, eta gure aukerak murritzak, baina elkartasunean eta denen artean zailtasun hauek gainditzeko osatu dezakegun sarean konfiantza jarria dugu. Eta beste behin gogorarazten dugu: bidaiatzeko erabakia gurea da, erantzukizuna ez.
Bestetik, gizartea informatzen jarraituko dugu giza eskubideen urraketen berri emanez, hauek salatuz eta eragile eta organismoekin lan eginez, bai nazio mailan zein nazioartekoan. Zentzu horretan, gure esku dauden komunikazio kanal guztiak irekiak izango ditugu: ez gara gu izango ateak ixten dituztenak.
Amaitzeko, dispertsio politikak sortu eta sortzen jarraitzen duen sufrimenduaren aitortza aldarrikatzen jarraituko dugu, eta bereziki, hildako 16 biktimena. Arrisku bat hartzera derrigortuak izan ziren hamasei pertsona. Egi, justizia eta oroimenaren bidean, haien izenak eta egoera aldarrikatu behar dugu.