ETXERAT. Etxerat Elkarteko ordezkaritza bat eta gaixo larri eta sendaezinak dituzten presoen senideak, EH Bilduren ordezkaritza batekin bildu ziren atzo Bilbon. Gaixo dauden presoen senideekin harremanetan jarraitzeko konpromisoa hartu zuen EH Bilduk aurreko bilera batean.

Besteak beste, preso horiek pairatzen duten egoera jasanezina izan zen aztergai atzoko bileran eta, batez ere, joan zen otsailean Espainiako Gobernuaren aginduz, preso horien espetxealdia ahalik eta gehien luzatzeko Espetxe Zuzendaritzak presondegietara helarazitako instrukzioa izan zuten hizpide.

Bat etorri dira gaixotasun larriak dituzten presoak urgentziaz etxera ekarri behar direla, denbora dela arerio nagusia, euren egoerak okerrera egiten baitu egunak igaro ahala. Horretarako, gaixo dauden presoen askatasuna lortzeko, neurri ezberdinak aktibatzeko proposamena partekatu dute eta bide beretik, eragile politikoak eta gizartea sentsibilizatzeko mobilizazioak sustatzeko beharra jarri da mahai gainean.