ETXERAT (2019-III-01). Etxeraten ohiko lan lerroa euskal preso eta iheslari politikoen senitartekoei laguntza eta aholkularitza ematea da, baina urte batzuk badira bere ohiko lanari beste lan lerro bat eranstea erabaki zuela. Laguntza eta aholkularitza lanaren eboluzio iraunkor baten ildotik esku-hartze hori garatu eta finkatu egin du, bizikidetza sendotzen eta gatazka politikoa ebazten laguntzeko helburu eta konpromisoarekin.

Gogoeta egin eta konpromisoak hartzeko prozesu horretan Gernikako Akordioari atxikimendua adieraztea erabaki genuen 2011. urtean. Bi urte geroago argitaratu genuen “Sufrikarioaren aitorpena” izeneko agiria; handik laster, beti ere norabide berean, Eusko Jaurlaritzaren “Bake eta Bizikidetza Planari” gure ekarpena egin genion. Honek guztiak Foro Sozialarekin elkartzera eraman gintuen, eta gaur egun Foro horretan aktiboki esku-hartzen jarraitzen dugu.

Foro Sozialean parte hartzearen ondorioz, Bartzelonako jardunaldietan izan ginen. Jardunaldi horien izenburua “Construint la pau. Reptes i oportunitats per al País Basc, després de la fi d’ETA” zen eta hiru erakundek antolatu zuten: Bartzelonako Udalak, FundiPau-k (Bakearen aldeko Fundazioa) eta Foro Sozialak berak. Jardunaldi horietan hainbat joera eta izaeratako biktimak elkartu ziren.

Geroago, urrian ospatutako Buesa Fundazioaren jardunaldietan esku-hartu genuen; konbentziturik geunden, ezberdintasunak izan arren, elkarri entzun behar geniola eta zubiak eraiki behar genituela, aurrera egiten saiatzeko, batzen gaituen horretan oinarrituta; hori da bizikidetzari egin diezaiokegun ekarpen nagusia, iraganeko bidegabekeriak errepikatzea ezinezko egingo duen etorkizun bat eraikitzeko.

Prozesu honetatik guztitik eratorri da Miramar Jauregian gaur egiten dugun irakurketa.

Etxeraten ekarpena bizikidetzari (adierazpena)

Euskal iheslari eta presoen senitartekook gure lurraldeko bizikidetza demokratikoari ekarpen bat egiteko egiazko borondatea publikoki adierazi nahi dugu. Agertoki berri honetan premia bat partekatzen dugu: gatazka politikotik eratorritako bortxaren ondorioak jasan dituzten eta jasaten dituzten pertsona guztiei eta pertsona bakoitzari entzun dakiola, gatazka hori konpontzeko ekarpen gisa eta berriro horrelakorik gerta ez dadin.

Badakigu ETAren biktima asko aurrerapauso bat ematen ari dela, beste espetxe politika bat publikoki aldarrikatuz eta egungoa albora utziz; izan ere, egungo espetxe-politikaren ondorioen artean dago euskal preso politikoen senitartekoak zigortzea. Egiaz eskertu nahi diegu sufritzen dugunokiko agertzen duten enpatia eta hori eskuzabaltasunez egitea, trukean ezer espero izan gabe. Geuk ere elkar onartzearen aldeko ekarpena egin nahi dugu. Benetakoa da horretara bultzatzen gaituen bulkada, bakearen eta bizikidetzaren aldeko konpromisoak bultzatuta adierazten duguna.

Bortxa mota ororen biktima izan diren guztiei gertatu zaien moduan, euskal preso politikoen senitartekook urte askotan zehar sentitu dugu gizartearen zati baten eta haren ordezkari politikoen indiferentzia. Badakigu nola alboratzen diren bizikidetzaren politika publikoak eta salbuespeneko espetxe politikaren biktima potentzialak izaten jarraitzen dugu. Geure burua babestera eta besteen minaren aurrean isiltasuna gordetzera eraman gaitu horrek. Besteengana hurbiltzeko eta haiei enpatia adierazteko gai ez izatera eraman gaitu.

Zinez eta benetan barkamena eskatzen dugu, horretaz konturatu gabe, gure urruntasunaren bidez, areagotu ahal izan dugulako senitarteko bat bortxaren eraginez galdu duten ETAren biktimek jasan behar duten mina.

Bortxaren era guztietako adierazpenen biktima ororekiko aitorpena, begirunea eta enpatia agertzen ditu Etxeratek. Biktima guztiekikoak, edozein dela ere bortxaren jatorria: ETAren biktimak; Komando Autonomoenak; Estatuaren terrorismoarenak; Espainiako Estatuaren Segurtasun Indar eta Gorputzen jarduerarenak; torturen biktimak. Horiei guztiei eskua luzatzen diegu gaur, bereziki, egitez edo ez-egitez, nahi gabe bada ere, berorien mina areagotzen esku-hartu badugu.

Ezin ditugu ahantzi, eta ez ditugu ahantzi nahi ere, sakabanatzearen ondorioz trafiko-istripuz senitarteko bat galdu duten 16 familiak; ez eta, espetxe politikaren erruz hurbileko pertsona maitatu bat galdu duten 31 familiak ere; galera horiek samin sakon bat eragin digute eta ekidin ahal izan zitezkeen zuzenbideari atxikitako espetxe politika bat aplikatu izan balitz. Sufrikarioekiko distantziakidetasunik ezarri nahi izan gabe, jakinarazi nahi dugu sufrikarioa geure barne-erraietatik ezagutzen dugula eta horrek eramaten gaituela zuena aitortzera.

Lurralde honetako biktima gehienekin gertatzen denaren antzera, gu ere ez gaitu mugitzen mendeku sentipenak edo sufritu dugun guztiaren ordainetan besteari sufriarazi beharrak. Gure aniztasunetik adierazten dugu mugitzen gaituena honako hau dela: honetatik guztitik ezer ez dadila errepika eta etorkizuneko belaunaldiek ez ditzatela berriro sufri gatazka politikoaren ondorioak.

Horregatik, gure erronka hau da: jarrai dezagula elkarri entzuten, Etxeratek azken urteotan landu duenaren ildotik. Zubiak eraiki beharra daukagu eta kontakizun poliedriko batera hurbilduko gaituen bidean askotariko kontakizunak azaleratu beharra; horrek elkarrengana hurbilduko gaitu, zauriak sendatu eta itxiko ditu, eta bizikidetzaren oinarriak ezarriko ditu. Benetako bakerantz eta bake iraunkorrerantz doan bidea sostengatzen eta babesten duen gizarte bati guztion artean egin diezaiokegun ekarpenik onena da.

2019-03-01 Prentsaurrekoa Miramar - Bizikidetza.jpg