Argazki Press

ETXERAT. Urte honetan, eta bizi garen urjentzia handizko garai horretan, Etxerat elkarteak dispertsioaren kontrako kanpaina berezi bat abiatzea erabaki du ; hau da zapiz osaturiko giza kateak, ZAPI KATEAK, osatzera ahalik eta jende gehiena gonbidatzea. Zapi-kate horietan ZAPI BEREZIAK erabiliko ditugu; euskal gizarteari ekimen honetarako propio sortutako elkartasun zapiak. Ikusi dezakezuenez, zapiak, senideen zapi bereizgarrien antzekoak dira; handiagoak hori bai, Etxerateko senideen zapiak, errepresaliatuen senide eta lagunek daramaten bereizgarriak direlako. Berri hauek, euskal gizartearentzako dira; giza eskubideak defenditzen dituzten guztientzako elkartasun ikur bilakatuko diren zapiak.

Abenduaren 10ean, Nazioarteko Giza Eskubideen Eguna ospatuko da mundu osoan zehar. Indiatik, Irakera, Saharatik Palestinara, Giza Eskubideen Eguna. Egun berezia baita ere hemen gauden guztiontzat. Berezia, astebururo, uneoro, gure eskubideak eta hainbeste maite ditugun senide eta lagunenak, urratuak direlako, sistematikoki. Euskal Herrian, testuinguru politiko berri honetan, oraindik ere, eskubide urraketa sistematikoak ematen ari direlako, bereziki dispertsioaren bidez. 16 senide hil dira jadanik dispertsioak bideratutako errepideetan. 10 istripu jadadanik urte honetan. Aski da!

Horregatik, egun egokiena iruditu zaigu gure ekimen nazional honi abiapundua emateko. Hiru hitzordu ematen ditugu beraz, 12tan Gasteizeko eta Iruñako parlamentuen aurrean eta 6.30tan Baionako René Cassin-en etxe aintzinean, ahalik eta giza kate luzeenak antolatzeko. Gure egoeraren larritasuna plazarazteko eta bake prozesua blokeoan mantentzen duten bi estaTUek oinarrizko eskubideen errespetu bidean urratsak egiteRa behartzeko.

Hautatu dugu gaur Baionatik hitz egitea estatu frantsesari bereziki zuzentzeko. Salatzen ditugun eskubideen urraketa larriak, dispertsioa, urrunketak, kondizionalen ukapenak eta beste... estatu frantsesak ere aplikatzen dizkigulako. Besteak beste kondenei gehitzen dizkieten eta familien bizitza usteltzen dituzten neurri bereziak, azken egunotan Eider Uruburu eta Julen Mujikaren kasuekin ikusi ahal izan dugun bezala. Baita larriki eri diren presoak kartzelan mantentzea, Lannemezaneko espetxean dagoen Ibon Fernandezen kasuan bezala, dagokion Kouchner legearen aplikazioa etengabe atzeratzen duelako Frantziak ere. Adibide ugari, eskubide urraketa ugari.

2014eko eskubideen urraketen zerrenda oso luzea da, eta horren balantzea Abenduaren 8an aurkeztuko dugu Donostian. Baina jadanik esaten ahal dugu oso larria dela egoera eta eskubideen errespetoaren bidean ez dela inolako urratsik egin oraindik.

Hala ere, beti estatu frantsesari begira, lan handi bat eramana izan da, Iparraldeko Ni Ere Banoa kolektiboarekin, edota hautetsiekin Baionako adierazpenean ikusi ahal izan dugun bezala. Bide ona dela sinesten dugu eta horretan jarraitzeko asmoa dugu. Horregatik, gu senideok, ahalik eta zenbakirik handienean egon behar dugu mobilizazio horietan. Etxeratetik parte hartzera deitzen ditugu herritarrak, hautetsiak eta eragile guztiak eskubideen errespeturantz urratsak exijitzeko. Eta estatu frantsesaren kasuan, dispertsioaren amaiera, Ibon Fernandezen berehalako askatzea, baldintzapekoen irizpideak betetzen dituzten presoen askatzea eta neurri berezi guztien desaktibazioa eskatzen dugu.

Agerraldi honen bitartez aprobetxatzen dugu Frantziatik Espainara traslado masiboaren zurrumurruen inguruan aipamen bat egiteko. Frantses agintarien partetik, arazoa beste bati pasatzeko modu hipokrita hori baino zerbait gehiago espero dugu. Christiane Taubira Justizia ministroak Espainian egindako adierazpenetan presoen nahia errespetatuko zela esan zuen. Bere hitza bete dezan eskatzen diogu. Eta frantses gobernuari, denbora irabaztearen estrategia alboratzea eta konponbidean bere ardurak hartzea eskatzen diogu. Gure bizitzak eta gure senide eta lagunenak direlako jokoan daudenak.

Arrazoi guzti horiengatik, gizarte osoa gurekin batera zapiaren beste punta hartzera gonbidatzen dugu.

Han ikusiko garelakoan, milesker.