Etxerat elkartearen prentsaurrekoa asteazken goiz honetan Donostiako San Sebastien hotelean

 

Etx

 

ETXERAT. Eusko Legebiltzarrean PP eta PSEk, eta Iruñeako Udalean UPN eta PSNk sakabanaketa politika mantentzea defendatu zutenetik hiru egun baino ez ziren iragan salbuespeneko politika horrek berriz ere euskal preso politikoen senide eta lagunak kolpatu zituenean. Brievan 470 kilometrotara preso den Oihane Agirreren bi senidek, auto istripua izan zuten bisitatik bueltan. 11 ordu eta ia 1000 kilometroren ondoren, Kanpetzu inguruan zirela, errepidean bapatean azaldu zen basurde batek gidaria abiadura murriztera eraman zuen, eta atzean zihoan furgonetak kolpatu egin zuen senideen kotxea.

Urteko laugarren istripua da, eta zazpi, aurten istripua jasan duten senide eta lagunak, dagoeneko. Oraingoan, zorionez, ez da izan kolpeak sortutako zauriak baino kalte larriagorik. Baina ez dadila inor okertu: ondorioak larriagoak ez izatea, edo okerrenak izatea, zorte kontu bat besterik ez da, eta “zori” hori bizitzera derrigortzen gaituzte astero gobernu espainol eta frantsesak. Dispertsioaren 27 urtetan zehar, “zori” horrek ehundaka istripu, ehundaka pertsona kaltetu, hamarnaka ospitaleratu; koman geratu diren pertsonak, zauritu larriak, eta 16 hildako eragin ditu. Ez da bidean gurutzatzen zaigun basurdea, edota gure erraila inbaditzen duen kotxea, ezta zauritu edo akatzen gaituen izotz plaka: sakabanaketa da, dispertsio politika aktibo mantentzea defendatzen dutenen borondatea da. Eta istripu bakoitza, zauritutako pertsona bakoitza, era batera zein bestera kaltetutako pertsona oro, 16 hildakoetako bakoitza, euren erantzukizuna da.

Hasieran esan dugu joan den astean bi instituzio ezberdinetan bizi izan dugula aipatutako alderdien bidez, sakabanaketa ez ezik, politika horren ondorioen defentsa ere. Ikusi izan dugu ondorio horiek ezagutu, kalkulatu eta onartzen zituztela. Gure sufrimenduaren kostua, gure bizitzarena, euren aurrekontuen barnean sartzen dela.

Borreroak deitu gaituzte, barkamena eskatu ez izana aurpegiratu digute, Ortega Laraz hitz egin digute, ETAren biktimez (baina bakarrik ETAren biktimez), eta argi eta garbi esan digute zertarako eta zergatik izaten ari garen erabiliak. Ez da lehen aldia. Emaitza bezala oinazea besterik lortzen ez duen politika bati babesa eman dioten erakunde batzuen ia 30 urteko utzikeriarekin gaurdaino iritsi gara. Honaino iritsi gara, kriminalizatuak, jazartuak eta akusatuak politika hori salatzeagatik. Ez da lehen aldia eta badakigu azkena ere ez dela izango.

Dispertsioaren une honetan, begi-bistakoa da aktibatzeko erabili ziren argudio eta arrazoi guztiak xantaia eta mendekuaren helburu garbiei erantzuten diotela. Egoera honen mantentzea justifikazio asumiezina litzateke edozein zuzenbide estaturentzat, eta beraz, indar politikoen ardura horrekin amaitzea da. Horregatik galdegin behar diogu Urkullu lehendakariari, gure oinazearen zenbat gehiago dagoen prest onartzeko. EAJri galdetu behar diogu zenbatekoa den oraingoan ezarri diguten oinazearen kuota, Araban eta Gipuzkoan onartu den dispertsioaren aurkako mozio bera, Bizkaian baztertzeko.

Sakabanaketaren ondorio larriek ez dute inolaz ere justifikaziorik. sufrimendua sortzea ezin da inolaz ere ulertua, konpartitua eta babestua izan. Mendekua ezin da inolaz ere eskubide bezala onartua izan.

Horrela ulertzen du euskal gizarte, politika eta sindikalaren gehiengoak, behin eta berriro dispertsioaren aurka kokatu eta salbuespeneko politikaren desaktibazioaren alde lan eginez, beste eszenatoki baterako bidea irekiz. Etxeratek ere hala jarraituko du, dispertsioari amaiera emateko lanean, eta euskal gizarteak beti izango du konponbide, Giza Eskubide eta bakearekiko gure konpromisoa.