Europako jurisprudentzia berria aplikatu behar du Gorenak eta gure senide presoak askatu

ETXERAT (2022-II-18).Etxerat elkartetik gure poza adierazi nahi diegu Atristain familiari eta Xabier Atristain berari, aske gelditu delako.

Donostiako preso ohiaren kasuan gertatutakoak argi eta garbi islatzen du Espainiako justiziak euskal presoei dagokienez izan duen eta duen ohiko funtzionamendua. Giza Eskubideen Europako Auzitegiak erabaki du atxilotu zutenean ez zirela Atristainen eskubideak errespetatu. Gertaera beraren aurrean, begiratzen diren betaurrekoak desberdinak dira. Auzitegi Nazionalak, Gorenak eta Konstituzionalak, betaurreko berberekin, ez zuten ezer ikusi, baina Giza Eskubideen Europako Auzitegiak dena ikusi du, aho batez.

Ehunka euskal preso daude, gure senideak direnak, inkomunikazio eta torturapean autoinkulpatuak, konfiantzazko abokaturik ez zituztela izan atxiloaldian. Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak Espainiako Estatuarentzat lotesleak diren unetik, Espainiako Auzitegi Gorenak Europako jurisprudentzia berria aplikatu behar du kasu horietarako guztietarako, eta, horregatik, gure senide preso guzti hoien askatasuna eskatzen dugu.