ETXERAT (2019-VII-26). Datorren abuztuaren 4an Etxerat elkartea Euskal Herriko hondartzetan bilduko da, salbuespen espetxe politikarekin amaitzeko eskaera egiteko helburuarekin, Euskal preso eta erbesteratuak etxean eta bizirik nahi eta behar ditugulako.

Nabaria da euskal gizartearen nahia behingoz konponbidea eta bakea lortzea dela eta bizikidetzaren alde pausuak ematen jarraitzea, ehunka familiek, hau da milaka pertsonek, dispertsioak dakarren sufrimendua eta mina oraindik ere pairatzea jasanezina delako.

Urte honetan jadanik 6 istripu gertatu dira, euskal preso politikoen 13 senide izan dira istripu hauen protagonista eta haien artean 23 hilabetetako haur bat. Gainera aipatu beharra dago dispertsioa martxan jarri zenetik, duela 30 urtetatik, 344 kotxe istripu gertatu direla espetxera bidean; 937 pertsona (haien artean haurrak) zaurituak izan direla, kasu batzuetan ondorio larriekin eta 16 hildako izan direla istripu hauen emaitzarik bortitzena.

Euskal Herrian nahi ditugu, Zaballan eta kalean, askatasunean, senide eta lagunei ezarritako zigor eta sufrimenduarekin behingoz amaitzeko, bizirik nahi ditugulako. Uda honetan Jose Angel Ochoa de Eribe aske geratu da bere gaixotasun larriaren aukako tratamendua emateko. Hala ere, beste 20 senide ditugu oraindik ere espetxean gaixotasun larriekin eta hauek beraien inguruetara itzuli beharko dira inolako baldintzarik gabe era egokian tratamendua jaso ahal izateko.

Irailaren 16an 11/13 sumarioaren epaiketa hasiko da, bertan 47 euskal herritar epaituak izango dira presoen alde lan egiteagatik; haien artean 2 senide aurkitzen dira Euskal Herrian eta hemendik kanpo eragile politikoekin, sindikalekin eta sozialekin, instituzioekin (haien artean Eusko Jaurlaritzarekin), Giza Eskubideen erakundeekin eta komunikabideekin izandako bileretan, topaketetan eta elkarrizketetan Etxerat elkarteko bozeramaile izateagatik hain zuzen ere, eginkizun hauek beti jakinarazi eta publikoak izan diren arren.

Gure elkartasun eta laguntzarik zintzoena eskaini nahi diegu 47 auziperatuei eta haien senideei ere, garai berri hauetan testuinguru zaharreko larritasuna bizi duten 47 familiei eta bereziki gure lankideak izan diren Izaskun Abaigar eta Nagore López de Luzuriagari.

Lan egiten jarraitzea eta hau egitearen eskubidea defendatzearen konpromisoa mantentzen dugu. Bakeari eta bizikidetzari ekarpenak egiteko lanean jarraituko dugu, konponbiderako eta baita etorkizunerako ere: gertatutakoa berriz ere gerta ez dadin.

Beste alde batetik, urtero bezala, abuztuaren 1ean 10:30etan Loiolako basilikaren aurrean elkartzeko deia luzarazi nahi du Etxerat elkarteak, dispertsio politikarekin amaitzeko eskaera publikoki egiteko eta EAE-ko lehendakariari gai honen inguruko txosten bat emateko helburuarekin.

Amaitzeko, euskal gizarteari abuztuaren 4an hurrengo hondartzetara gurekin batera etortzeko proposamena egiten diogu:

-Bizkaia: La Arenan, Laidan, Lagan, Lekeition eta Ondarroan 12:00tan; Bakion 12:30etan; Laidatxun (Mundaka) eta Ean 13:00etan. Abuztuaren 10ean Plentzian 12:00tan.

-Gipuzkoa: Deban, Zarautzen, Orion eta Donostian, 12:00tan; Mutrikun 12:30etan.

-Lapurdi: Hendaian 12:00tan.

kartel ona hondartzak.jpg