ETXERAT. Olatz Lasagabaster euskal preso politikoaren ama den Mari Carmen Anza, Valentziako ospitalean ingresatua dago joan den urtarrilaren 20tik. Ama izan berri den Olatz alaba bisitatzeko asmoz abiatu zen Valentziara Mari Carmen.

Olatz erditu berri ospitaleratua zegoela, Mari Carmen bisita egiten ari zenean gaizki sentitu eta ospitaleratu egin zuten jarraian, biriketako mina dela eta. Egoera larria izanik ere, hobera egin du azken orduotan.

Preso politiko eta senide eta lagunen aurkako presioa areagotzeko tresna bezala erabiltzen duten salbuezpeneko kartzela politikak, kasu honetan, Olatz Lasagabaster eta bere senitartekoengan duen eragina eta sufrimendua salatu nahi dugu ozen. Bere etxetik 600 kilometrotara dago Olatz, eta alaba, bere inguru afektibo eta familiarretik urrun izango da. Preso dagoen haurraren aitak oraindik ez du alaba ezagutzen.

Mari Carmen Valentziara bidaiatzera behartuta dago. Bere alaba bisitatzera eta iloba ezagutzera abiatu zen, errepidea elurrez beteta zegoelarik, oso bidai korapilatsua eginez. Orain, Mari Carmen ospitalean dagoela, berarekin egoteko eta medikuekin hitz egiteko, senideek, berriro ere, urruntasunak ondorioztatzen dituen zailtasunak gainditu beharko dituzte.

Etxeraten iritziz, hau guztia ez da Olatz Lasagabasterrek pairatzen duen kartzelaratzearen ondorioa, kartzela politikak euskal preso politiko eta haien senide eta lagunen kalterako, zigor erantsi gisa aplikatzen duen presoen urruntasunaren eraginarengatik baizik. Eta horren ardura zuzena, Espainiar Gobernuari dagokio.