ETXERAT (2023-IV-12). #Kinkea 2023ko lehenbiziko promozioari zegokion zozketaren sari nagusia 9.495 zenbakiarentzat izan da. Maitane Azurmendi irudigileak egindako "Kanpotik” artelanarekin batera, Abadiñon saldu da. Zorionak irabazleari eta eskerrik asko promozioetan parte hartzen duzuen guztioi!

Jon Azagirre Durangaldeko Kinkearen arduraduna eta Nagore Mujika Etxerat Elkarteko Bizkaiko koordinatzailea -argazkian agertzen direnak- Abadiñon izan dira sari nagusiaren irabazlearekin batera.

Udaberriko zozketako lau sari garrantzitsu banatu dira Durangaldean. Abadiñon, lehenengo saria, 20.000€ ko saria hain justu eta 5.000 € ko bigarren sari bat banatu dira. Atxondon eta Durangon bestalde, 1.000€ ko bi sari banatu dira. Orotara Durangaldean beraz, 27.000€ banatuko dira Kinkea izeneko promozioen bitartez.

Etxerat Elkarteak abiarazten duen produktu promozioa da #kinkea. Promozioak ematen duen diru-bilketa Etxerat Elkartearen jarduera finantzatzera zuzentzen da, alegia, preso eta iheslarien senide eta lagunei asistentzia, aholkularitza eta laguntza eskaintzeaz gain, presoen asistentzia juridikoa eta osasun asistentzia bermatzea.