ETXERAT. EHUko 2017-18 ikasturteari hasiera emateko ekitaldian bildu gara euskal preso politikoen senitartekoen, EHUko sindikatu, irakasle, AZP zein ikasleen ordezkaritza, EHUko eta Eusko Jaurlaritzaren agintariei gure eskaera helarazteko: euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea dute. Presoak Euskal Herriko seme-alabak dira eta hemengo ikastetxeetan, euskaraz, ikasi nahi dute; eskubide hori berma diezaieten galdegiten diegu EAEko agintari akademiko zein politikoei.

Laurogeiko hamarkadan hasi ziren euskal presoak EAEko unibertsitate publikoan ikasten; baina, 2003an kaleratu zituzten eta, horren ondorioz, Espainiako espetxeetan dauden presoek ezin dute EHUn ikasi.

Espainiar zein frantziar espetxe politikek euskal preso politikoak zigortzeko xedea dute: urruntze eta bakartze politikak, zigorren luzapena eta oinarrizko eskubideen urraketa… Hezkuntzaren debekua testuinguru honetan kokatzen da. Eta presoak zigortzeaz gain, gu geu ere, senitartekook, zigortzen gaituzte.

Autonomia Erkidegoko Erakundeek ezintasuna agertu dute, eraso bidegabe horri legediaren zein politikaren arloetatik erantzuteko. Horrela, Madrilgo gobernuaren jokabide injustuari men eginez,  presoek euskaraz eta Euskal Herriko unibertsitatean ikasteko eskubidea urratzen dute.

Oinarrizko eskubideen urraketa bukatzeko garaia da.

Jaurlaritzako gobernukideei hezkuntza eskubidea gauza dezatela eskatzen diegu. 2004an onartu zen Unibertsitateko Legeak euskal herritar ororen ikasteko eskubidea jasotzen du, baita eskubidea gauzatzeko legeak behar duen garapena ere. Urteotan, Jaurlaritzako agintari politikoek ez dute legeak agintzen duena bete.

EHUko Errektoretzari euren zeregina bete dezala eskatzen diogu. Orain arte, EHUk bere funtzio nagusiaren debekua onartu du, hots, Espainiako espetxeetan Euskal Herriko ikasle presoei irakasteko debekua. Edozelan ere, 2009an Espainiako Konstituzio Epaitegiak EHUri unibertsitate autonomia onartu zion.

Hori dela eta, EHUri bere jokabidea aldatzea eskatzen diogu: Espainiako espetxeetan dauden presoen ikasteko eskubidearen aurka ari da jokatzen eta presoak epaitegietara jotzera behartzen ditu, EHUn ikasi ahal izateko.

Izan ere, Gasteizko Gobernuak eta EHUk norabide biko jokabidea erabili dute: batetik, Madrilera begira egon dira, hitzarmena noiz lortu; baina, bestetik, eurei dagozkien ardurak eta zereginak ez dituzte bete.

Ordua da espetxe politika injustua gainditzeko eta hezkuntza eskubidearen urraketari amaiera emateko. Xede hori lortzeko beharrezkoak diren neurri politikoak eta akademikoak har ditzatela eskatzen diegu EHUri, Hezkuntza Sailari eta Gasteizko Gobernuari.

Azken urteotan bezala, hezkuntza eskubidearen bi arlo nagusiri heltzeko eskaera egiten diegu:

-Espainiako espetxeetan dauden euskal presoek EHUn ikasteko eskubidea bermatzea, unibertsitate autonomia eta Unibertsitate Sistemaren Legea oinarritzat hartuta. 

-Gaurko bazterkeria eta disfuntzioak gaindituz, Frantziako espetxeetan dauden presoei EHUn ikasteko baldintza egokiak eskaintzea, kalitateko hezkuntza eta doakotasuna bermatuz. 

Hezkuntza eskubidea bermatzeko bide honetan, Eusko Jaurlaritzaren etaEHUren konpromiso sendoa ezinbestekotzat jotzen dugu.

Xede bikoitz horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu bide luze honetan egunean-egunean gurekin lanean ibili diren euskal sindikatuen ordezkariei eta EHUko irakasle, AZP eta ikasleei; eurei esker, euren lan isilari esker, gauzatzen baita, gauzatzen den heinean,  presoen ikasteko aukera.

Ikasketa Batzordea
Etxerat