aur 2.jpg

ETXERAT (2021-X-8). Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) eskualdatu zaizkion espetxeen transferentziak direla eta, Etxerat elkarteak publikoki adierazi nahi du euskal administrazioak espetxe-politika gaur egungoaren araberakoa izatearen aldeko iritzia, espetxe-sistema humanizatzeko irizpideei jarraituz.

Eusko Jaurlaritzak, bai bozeramaileek bai arlo horretako aholkulariek, espetxe-eredu bat proposatzen dute, non presoek zigorrak erdi-askatasunean bete ditzaketen, baita kondena luzeak dituzten presoen kasuan ere, horien artean gure senideak; adierazi dutenez, haien tratamendua gainerako zigortuen berdina izan behar baita.

Gure senide diren 63 euskal preso politiko EAEko hiru espetxeetako batean daude gaur egun (edo etxean horietako espetxe batek gainbegiratutako zigorra betetzen). Eusko Jaurlaritzako Espetxe Zerbitzuen Idazkaritza berriari eskatzen diogu ez diezaiola eutsi duela 30 urte baino gehiagotik aplikatu zaizkien salbuespen-neurriei, haien ibilbide juridiko-penitentziarioa egiten utz diezaioten eta legeak eta espetxe-erregelamenduak denok bergizarteratzeko aurreikusten dituzten aukeren aplikazioa bizkortu dezaten.

  • 15 Basaurin, 15 Martutenen, 26 Zaballan, 2 Zaballaren mendeko ospitaleetan eta 5 gehiago etxean preso.
  • Hauetatik 8 bakarrik daude 3. graduan. Gainerakoek, prebentziozko 2 espetxeratuk izan ezik, kondenaren ¼ gainditu ondoren baimenak izan beharko lituzkete.
  • Era berean, 2. graduan sailkatutako 53 presoetatik 44k kondenaren erdia bete dute, eta 3. graduan egon beharko lukete hiru espetxeetako atal irekietan.
  • Askok dagoeneko gainditu dituzte kondenaren ¾; horietatik 26k baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete.

Logika berean, Espainiako Gobernuari eskatzen diogu berehala lekualda ditzala Euskal Herriko kartzeletara oraindik ere periferiako espetxeetan dauden edo Euskal Herritik urrun dauden 99 presoak (13 preso gehiago daude Iruñeko espetxean, Madrilen menpe ere, eta 18 nafar periferian edo urrunekoetan). Era berean, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu 99 preso hauek EAEra hurbiltzeko eska dezan.

  • Espetxeetako Idazkaritza Nagusiaren (SGIP) kontrolpean dauden 112 presok baldintzak betetzen dituzte erredentzioak, baimenak, hirugarren graduak edo, baldintzapeko askatasuna eskuratzeko.
  • Ulertezina den arren, preso bat geratzen da 1. graduan.
  • Gainerakoetatik, 8k bakarrik dituzte irteteko baimenak, 101-k baldintzak betetzen dituzten arren.
  • Iruñean preso bat baino ez dago 3. graduan (azken destinoekin bi). Haatik, kondena erdia baino gehiago beteta dituzten 71 preso 3. graduan egon beharko lukete.

Espainiako Gobernuari eta Espetxeetako Idazkaritza Nagusiari eskatzen diegu, hurbiltzeaz gain, betetze-denboragatik, 71 preso hauek 3. graduan sailka ditzala, legeak baimentzen eta aholkatzen duen moduan. Are gehiago, horietako 26-k baldintzapeko askatasunaren espedientea irekitzeko baldintzak betetzen dituzte, kondenaren ¾-ak beteta baitituzte.

Bestalde, gure kezka adierazi nahi dugu euskal gizarteak bizikidetzarako eta bakerako egiten duen bidean, azken hilabeteetan egin den atzerapausoagatik. Ezin dugu atzerapausorik onartu interes politiko jakin batzuengatik, edo mendekuan edo giza eskubideen ukazioan oinarritzen den diskurtsoari eusteagatik. 197 euskal presoen atzean, beste hainbeste pertsona daude izen eta abizenekin, bakoitza bere familia- eta gizarte-ingurunearekin, guztiak ere eskubideak dituztenak, eta kondena luzeak bete dituzte isolamendu eta muturreko murrizketekin. Espetxe Legean indibidualtasun zientifikoaren printzipioaren eta sistemaren testuinguruan eta aplikatzen zaien espetxe-tratamenduaren testuinguruan, euskal preso guztiek dute eskubidea jasaten duten eskubide-urraketa ikusarazteko.

Horietatik 19k, gaixotasun larriak dituzte, beste batzuek 70 urte baino gehiago dituzte, 35ek erbestean eta deportaturik jarraitzen dute, 50 baino gehiagori ukatu egiten zaie Frantziako zigorraren urteak zenbatzeko aukera, eta dozenaka presori 7/2003 Legetik eratorritako ezkutuko biziarteko kartzela-zigorra (40 urte) ezarri nahi zaie. Hau guztiari gehitu beharko zaizkio lehen aipatutako blokeo-kasuistikak, eskubidea duten arren, erredentzioak, baimen arruntak, hirugarren graduak edo baldintzapeko askatasuna ukatzen baitzaizkie. Euskal presoei eskubideak urratzen zaizkie kolektiboki, baina baita banaka ere, urraketa horiek salatu egin behar dira.

Ezin da presorik gabeko gizarterantz aurrera egiteko oztoporik jartzen jarraitu, elkarbizitza lortzeko ezinbesteko bermea baita. Beste hiru hamarkada ezin ditugu jarraitu Espainiako eta Frantziako estatuek, gobernuek, auzitegiek eta espetxeek aplikatutako salbuespenezko politikekin eta neurriekin. Indarkeria-zikloa amaitu eta hamar urtera, nahikoa denbora igaro da bizikidetzarako bidea eta gure senideek gizarteratzeko eta askatasunerako bidea oztopatzen duen salbuespenezko erregimena desaktibatzeari aurre egiteko.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

Onintza Ostolaza abokatuaren hitzartzea:

Gaur egun, presoen gehiengoa bigarren graduan klasifikatua dago. Hau, gerturatzeekin batera, aurrera pausutzat hartzen dugu, baina zoritxarrez, oraindik salbuespenezko legedi eta Auzitegiak dira nagusi. Salbuespenezko legedia diogu, 7/2003 L.O.a aplikatzen zaielako “espetxe zigorrak osorik betetzeko” diseinatu zuten legea. Salbuespenezko auzitegiak berriz, Zaintza Epaitegi Zentrala, Entzutegi Nazionala eta haien mendeko Fiskaltza dira, hauek baitira espetxe-eremuan azken hitza dutenak.

Bigarren graduan egonik, euskal preso gehienek irteera-baimenak izateko legezko baldintza guztiak betetzen dituzte: zigorraren 1/4a beteta izatea eta “espetxe-jarrera egokia” izatea. Hau horrela izanik ere, Euskal Herri inguruan aurkitzen diren espetxeetako Tratamendu Batzordeen gehiengoak (%95ak), irteera baimenak ematearen aurka azaldu dira. Horretarako, erabat lekuz eta garaiz kanpo dauden argudioak erabiltzen dituzte: “delitua berriro egiteko arriskua”, “delituaren larritasuna”…

Baina onartu behar dugu badirela irteera baimenak proposatzen dituzten Tratamendu Batzordeak ere. Orduan, eremu judizialean aurkitzen ditugu oztopoak (izan ere, espetxeen proposamenak epaitegiak onartu behar ditu): Horrela, gaur egun, 40 irteera baimenen expediente inguru daude epaitegian, espetxearen aldeko proposamenarekin. Expediente hauek, asko luzatzen dira denboran eta urte hasieratik irekita daudenak ere badira, epaitegiaren erabakiaren zain.

Eta espetxearen aldeko proposamena izanik ere, gehienetan, Fiskala irteera baimenen aurka azaltzen da eta azkenik, Zaintza Epaitegi Zentralak baimena ez ematea erabakitzen du. Urte honetan zehar, ZEZ 10 Auto baino gehiago eman ditu irteera baimenen aurka, nahiz eta espetxeak ematearen aldeko jarrera izan.

Bigarren gradutik hirugarrenera pasatzeari dagokionez, antzeko zerbait gertatzen da: Bigarrenetik hirugarren gradura pasatzeko legezko baldintzak, zigorraren erdia beteta izatea eta erantzunkizun zibila ordaintzeko borondatea adieraztea dira. Hala ere, urte honetan zehar, espainiar Espetxe Zuzendaritza Orokorrak 6 euskal preso bakarrik pasa ditu bigarrenetik hirugarren gradura. Horretarako eskubidea duten presoen %4,9a besterik ez da hori.

Gainera, Espetxe Zuzendaritza Orokorrak emandako ebazpen hauek, Fiskalak errekurritzen ditu eta beraz, ZEZ-ak lehenik eta azkenik Entzutegi Nazionaleko 1go Aretoak du erabakiaren azken hitza.

Honen adibide garbia da Unai Fano Aldasororen kasua. Aurreko astean azaldu eta salatu genuen berarekin gertatu dena.

Urtarrilean Espetxe Zuzendaritza Orokorrak hirugarren gradua eman ondoren, Fiskalak erabaki hau errekurritu zuen. ZEZ-ek errekurtso hau atzera bota zuen arren, apelazioan, Entzutegi Nazionaleko 1go aretoak, irilaren 26ko Auto baten bidez, Fiskalari arrazoia eman eta Unai Fanoren 3.gradua bertan behera utzi du. Unairen abokatu naizenez, jakitun naiz, Basauri espetxeko zuzendaritza eta bertan lan egiten duten teknikoak (jurista, hezitzaile, psikologo, langile soziala), erabat harrituta daudela Entzutegi Nazionalak hartutako erabakiarekin.

Agerraldi honetan, jada gaur egun Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen espetxe zuzendaritzari zuzendu gatzaizkio. Eta bai, preso guztiekin beste espetxe politika bat egin dadin espero dugu, benetan, erregimen irekien aldeko apustua eginez; baita gure defendituekin ere, bereizketarik egin gabe; baina horretarako, borondatea baino askoz ere gehiago behar da. Indarrean dauden salbuespenezko legedia eta auzitegiekin, beste garai eta interes batzuei erantzuten dietenekin, hitzak eta borondateak baino askoz gehiago beharko dugu.

Gauza bera diogu espainiar Espetxe Zuzendaritzari dagokionez ere. Legedi arrunta ezartzeko eskatzen dugu, gainerako presoei ezartzen zaien legedi berbera. Behin betirako salbuespenezko trataerarekin bukatu behar dugu. 7/2003 LO eta 5/2003 LO bezalako legeak indargabetu behar dira, auzitegi bereziek gure defendituek egin nahi duten espetxe ibilbidea oztopatzen dutelako. Hori da modu bakarra Espainiar Konstituzioak berak 25.2 artikuluan jasotzen duen mandatua betetzeko: preso guztiek duten gizarteratzeko eskubidea.