ETXERAT. Foro Sozial Iraunkorraren espazioa eratzen dugun entitate eta pertsonok pentsatzen dugu gomendio hauetan agertzen diren neurri eta urrats konkretuak onuragarriak eta beharrezkoak direla bizikidetza osoko etorkizun bat eraikitzeko eta gure herriaren normalizazio sozial eta politikorako.

Pentsatzen dugu, baita ere, iragan apirilaren 8an sortutako agertoki berria kontuan hartuta, normalizazio sozial eta politiko horren oinarria eraikitzeko honako perspektiba honetan interpretatu behar direla arauak eta legeak: gatazka armatuaren zikloa behin betiko ixtearen, haren ondorioak gainditzearen eta bizikidetza eta bake osoko agertoki berri batera modu eraginkorrean iragatearen perspektiban.

Oinarri tinko batzuen gain oinarritutako bizikidetza bat eraikitzeko urrats eta neurri hauek beharrezkoak direlako uste osoa dugu, berorien artean pertsona guztien oinarrizko eskubideen begirune zehatza sartzen delarik.

Perspektiba honetatik ari gara: pertsona presoen zigorren betetzea beti eta kasu guztietan gizatasuna eta birgizarteratzea bilatzearen printzipioek gidatu behar dute.

Egiaztatzen dugunez, Espainiako Estatuak gaur egun gaindituak diren garaietako zigor- eta espetxe-politikari eusten dio; printzipio eta helburu politikoek gidatzen dute haren espetxe-politikaren kudeaketa, eta ez printzipio eta helburu juridikoek.

Diagnostiko horretatik abiatuta, Foro Sozial Iraunkorraren iritziz, gizarte zibilak oinarrizko eginkizuna bete behar du, arazo honi arrazoizko proposamenez aurre egitea eragozten duten blokeoak gainditzeko; proposamen horiek agertoki politiko berriaren esparruan eta indarrean dagoen espetxe-legediaren interpretazio malgu batek eskaintzen dituen aukeren barnean kokatuko lirateke.

Xede hori lortzeko lan egingo dugu, gizarte zibila inplika dadin aurkeztutako ondorioak inplementatzen. Helburu horrekin honako ekimen hauek jarriko ditugu abian:

1.- Beharrezkoak diren aldebiko eta alde anitzeko elkarrizketa-esparru guztiak erraztu, Nafarroako Gobernuarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin, erakundeekin eta alderdi politikoekin, sindikatuekin eta gizarte zibilaren beste eragileekin, aipatu bide-orria prefiguratzen aurrera egiteko. Helburu hori dugula, gaurtik hasita kontaktuen erronda bat hasiko dugu erakundeekin eta lurraldeko eragile politiko eta sozialen multzoarekin, aipatu xedea lortzeko lehen urratsak emateko asmoz.

2.- Aldi berean Espainiako eta Frantziako estatuetako espetxeetako preso politikoen kolektiboekin bilerak egitea eskatuko dugu, gure ondorioak aurkezteko eta haien ekarpenak jasotzeko.

3.- Alderdi honen ebazpenak inplikazio eta eratorpen sakonak ditu, hala nola, bortxa-egoera gainditzea eta bizikidetza normalizatuaren agertokia eraikitzea. Zentzu honetan, hemengo edo munduan zeharreko gatazketan, oinarrizko eskubideen defentsan, bizikidetza eraikitzen, gatazkak ebazten eta bakea lortzen lan egiten duten gure herriko mugimendu eta sektore nagusiekin lankidetza-espazioak sortzen saiatuko gara.

4.- Pentsatzen dugu interesgarria eta gomendagarria izango litzatekeela eremu juridikoko pertsonak inplikatzea, ekimen juridikoak aztertu, landu eta bultzatu ahal izateko; ekimen horien bidez, salbuespen neurri eta arauen sarea desblokeatu eta desmuntatzeko; neurri eta arau horien arabera bete behar baitituzte beren zigorrak motibazio politikoko delituengatik kondenatuak diren pertsonek. Proposamen honetarako Iparraldean eta Frantziako Estatuan jatorri profesional eta ideologia politiko oso ezberdineko juristekin abian jarri zen ekimenean inspiratzen gara; jurista horiek elkartzen dituena lan praktiko hau da, beharrezko ebazpen honetarako bidea eta ekarpena bilatzen dituena.

5. – Arreta bereziz begiratzen ditugu sindikatuen, unibertsitatearen eta gure herriko komunitate erlijiosoaren arloak. Pisu handia dute hiru sektore horiek gure gizartean eta erabakigarriak izan daitezke arazo hau konpontzeko gehiengoa duen korronte sozial bat sustatzeko garaian, beste sektoreak aktibatzeari garrantzirik kendu gabe.

6.- Jakitun gara gai honetan Espainiako Estatuaren iritzi publikoak duen garrantziaz. Zentzu honetan, modu koordinatuan lan egingo dugu zuzenbidearen, unibertsitatearen, politikaren, sindikatuen, giza eskubideen arloko Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta komunikabideetako profesionalen munduan, iritzi korronte bat sor dadin laguntzeko. Estatu osoaren eremuko iritzi korrontea sortu behar da, orain arte ezarri den espetxe-politikaren eboluzioa erraztuko duena.

7.- Bide honetan nazioarteko komunitatearekin lankidetzan jarraitu nahi dugu. Hemendik, Brian Currin Jauna ordezkari duen Kontaktuko Nazioarteko Taldeak ondorio hauei emandako sostengua eskertu nahi dugu eta berriro eskatzen diogu errazte lan honetan lagun gaitzala, transbertsala eta adostua den bide-orri hau berehalakoan gauzatu dadin.

Amaitzeko iragartzen dizuegu Foro Sozial Iraunkorrean lanean ari garela jadanik, Bake Bidea-rekin lankidetzan, uda ostean Iparraldean ospatuko den IV. Foro Sozialaren bigarren zatia antolatzen. Foro horretan Frantziako Estatuaren espetxeetako arazo espezifikoaz, iheslariez eta erbesteratuez lan egingo da. Han adierazitako ideiak gaur aurkeztutako ondorioak osatzera etorriko dira.

Ez dugu amaitu nahi Espainiako Estatuari eta sostengatzen duen alderdiari dei bat egin gabe. Eskatzen diegu gogoeta egin dezatela eta ez ditzatela galtzen utzi berrikitan ireki diren aukerak.

Aldi berean, Frantziako Gobernuari eskatzen diogu jarraitu dezala arma-gabetzeari buruz izan duen jarrerarekin, bere bide propioan sakonduz, Espainiako Gobernuaren esku-sartzerik gabe, Frantziako Estatuan espetxeratuak dauden pertsona presoen auzian irtenbideak bilatzen.

Gobernu biei eskatzen diegu ez dezatela zapuztu gure gizartea bizitzen ari den itxaropen unea.

Iruñean, 2017ko maiatzaren 18a