ETXERAT. Elkarteak prrentsaurrekoa egin du gaur goizean gaixotasun larri eta sendaezin kasu berri bat salatzeko, Joseba Borde presoarena, hain zuzen. Era berean, bihar Baionan egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin dio gizarteari, preso gaixoen askatasuna eskatzeko. Jarraian, elkartearen adierazpenak dituzue:

 

"Duda izpirik gabe, Euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikaren ondorio ankerretarikoa, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera da.

Lehendabiziko sintometatik, gaixotasunak aurrera egiteko bide erosoa du, eta osasun eskubideak, ordea, trabez jositako bidea. Kontsulta medikoetara iristeko zailtasunak, diagnostiko berantiarrak, konfiantzazko medikuengandik artatuak izateko trabak, bi hilabetez atzeratu edo egiten ez diren errebisioak, bertan behera geratzen diren tratamenduak edo espetxe lekualdaketa bakoitzeko, aldatzen diren tratamenduak... eta azkenik, euren izaera politikoarengatik, preso hauei ukatzen zaizkien askatasun neurriak, nahiz eta egungo legedian aintzat hartuak izan.

Egoera honetan aurkitzen dira gure senideetako hamar. Joseba Borderi egindako diagnostikoaren ondoren, egoera kritiko horretan dauden gure senideen kopurua, 11 da.

Joseba Borde 2002an espetxeratu zuten, eta ordutik, Soto del Real, Valdemoro, Huelva, Mansilla de las Mulas (Leon) eta Villabonako (Asturias) espetxeetatik igaro da.
Egun, Teixeiron (A Coruñan) aurkitzen da, bere bizilekutik 650 kilometrotara. Bertan, koloneko minbizia topatu zioten apirilean, eta hilabete bat beranduago ebakuntza izan zuen horren harira. Minbizi kasu guztietan bezala, bere gaitzaren jarraipen estua behar du Joseba Bordek. Uneoro okerrera joateko arriskua duen gaixotasun bat, eta kartzelak, paper nagusia jokatzen du berarekin, egiturarengatik, araudiengatik, eta preso politikoen kasuan, lotuta dituzten salbuespeneko neurriengatik.

Baina berriz errepikatzen dugu, salbuespeneko neurriek larriki gaixo diren gure senideen askatasun bideak blokeatuta dituzte. Euren osasun eskubidea blokeatua dute, haien oinazean eragina dute eta gurea areagotzen dute. Egungo espetxe politikaren helburu nagusia oinazea da, eta krudelkeria, berau lortzeko bitartekoa.

Guk ezin dugu amore eman, eta gizarteak ezta, ezin du oinarrizkoenak diren eskubideen urraketa etsipenez edo ohituraz onartu. Pertsona guztien Giza Eskubideekiko errespetuak, ezin du salbuespenik onartu.

Biharko, Etxerat partaide den Bagoaz plataformak, manifestazioa deitu du Baionan Ibon Fernandez Iradiren askatasuna exijitzeko: Lannemezanen dago Ibon, larriki gaixo, eta bere askatasuna datorren 24ean berriz aztertuko da. Dei berri bat luzatu nahi diogu euskal gizarteari, manifestazio honetan parte hartzeko. Ibon Fernandez Iradi, Joseba Borde, Aitzol Gogorza, Iñaki Etxeberria, Jagoba Codo, Txus Martin, Gorka Fraile, Josetxo Arizkuren, Jose Ramon Lopez de Abetxuko, Ibon Iparragirre eta Gari Arruarteren egoerek, pertsona guztien eskubideekin konprometituak dauden alderdi politiko, sindikalen, erakundeen eta gizarte organismoen presazko erantzuna behar du."